'Zortzitik infinitura' dokumentala aurkeztuko dute Ispasterren
Benito Ansola zinemagile lekeitiarra da dokumentalaren ardatza, berak bizitako testigantzen bitartez, euskal zinemagintzaren historia kontatzen dute.
Zortzitik infinitura dokumentala aurkeztuko dute bihar, 19:00etan, Iñigo Egiluz aretoan. Irailean Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten, eta orain Ispasterrera helduko da. Benito Ansola zinemagile lekeitiarra da dokumentalaren ardatza, berak bizitako testigantzen bitartez, euskal zinemagintzaren historia kontatzen dute.
Naia Lakak zuzendutako lana da eta Ansolaren bizitza hartu du ibilbide, “bai euskal zinema, bai euskarazko zinema erein zirenetik gaur egun bizi duten loraldiraino iristeko”. Miren Agur Meabe dute horretarako bidelagun, euskal zinemagintzaren bilakaeraren lekuko eta protagonista izan diren hainbat zinemagile euskaldunegaz elkartuz: “Elkarrizketa gidatzeaz gain, lau testu literario egin ditu dokumentalerako, kapituluak banatzeko”.
Hamalau elkarrizketa inguru egin dituzte. Garai desberdinetako protagonistekin elkartu dira: Iratxe Fresneda, Jose Luis Rebordinos, Asier Altuna, Paul Urkijo, Esti Urresola, Imanol Uribe, Benito Ansola, Ramon Barea, Bego Bikario, Arantza Lauzirika… “Asko izan dira, eta eskertzekoa da erakutsi duten prestasuna”.
Ideiari dagokionez, duela zortzi urte inguru Joseba Zuberogoitiak zuzentzen zuen Euskal Zine Bilera, eta liburu bat atera nahi zuen, jaialdiaren ibilbidea azalduz. Horren baitan, DVD bat ere egin nahi zuen Meaberen eta Ansolaren arteko elkarrizketa batekin. Elkarrizketa grabatzera joan ziren sortzaileak, eta hiru orduko elkarrizketa grabatu zuten, baina gordeta geratu zen. Gero, dokumental bihurtzea “polita” izan zitekeela pentsatu zuten. “Hasierako elkarrizketa hura Ansolaren bizitzari buruzkoa zen, eta beste forma bat eman nahi izan genion”.
Bertan, lekeitiarraren ibilbidea kontatzen dute, gaztarotik gaur egunera arte; abade eta parroko lanez gain, zinemazale eta zinegile moduan egin duen ibilbide guztia ere bai. Bere istorioarekin harremana du euskal zinemagintzaren historiak ere, eta beraz, hori kontatzen dute: “Nahikoa modu linealean kontatu dugu dena, eta biek eduki duten erlazioa ikusten da, Ansolaren bizitza eta euskal zinemagintzak eduki duen ibilbidea”.