Beste hautagai batzuk kalean
Ladutxek eta Mantzik Barandika eta Lopez 2-0 irabazita finalerdietara begira aurrerapausoa eman dute, abenduaren 16an ziurtatu dezakete txartela.
Joan den astean Unai Lekerika. Aste honetan Xabi Barandika. Gernikarrik gabe geratu da Gernika-Lumoko Winter Series. Hau da, hautagai nagusietako bi kanpoan geratu dira, ezustekoak dira nagusi aurten. Partida erabakigarria zen atzo [abenduak 9] Jai Alai frontoiak hartu zuena. Bikote irabazleak aurrerapauso nabarmena emango zuen finalerdietarako, galtzaileak, ostera, ia kanporatuta egongo lirateke. Batez ere Xabi Barandika eta Imanol Lopezen kasuan, ezin zuten 2-0 galdu.
Hain zuzen ere, horrela amaitu zen partida, baina Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidorren alde. Getariarrak hasieratik bestelako izaera bat erakutsi zuen, Barandikaren sake-errestoa bilatu zuen, eta ausardiaz egin zuen aurrera. Mutrikuarrari kosta zitzaion partidan sartzea eta beteranoek hori baliatu zuten atsedenaldira aurretik joateko: 6-8. Atzelaria pixkanaka neurria hartu zion lehiari eta hortik aurrera erakustaldia eman zuen, pilota asko sartu zuen. Nabarmentzekoa hirugarren epailearen lana lehen setean. Gazteek ez zuten bururik galdu, erabakiak hiru aldiz haien interesen kontra egin bazuen ere. 11-10 aurreratu ziren eta zumaiarraren ez ohiko pare bat huts baliatute eraman zuten lehen seta: 15-11.
Gero eta presio gehiago zuten hautagaiek, bigarren jokoa irabazi beharra zuten, derrigortuta zeuden. Gazteek pilota motela atera zuten, partida are gehiago gogortzeko intentziagaz. 500 pilotakada baino gehiago eman zituzten, 50 pilotakadako tanto bat jokatu zuten eta guzti. Lopezi batez ere nekea nabaritu zitzaion. 6-2 aurreratu ziren urdinak, eta partida kontrolpean zutenean, eskarmentua eta adorea atera zuten beteranoek. Barandikak erremate gehiago bilatu zituen eta gazteen hutsak baliatuz 8-12 irabaztera pasa ziren. Hala ere, Ladutxek eta Mantzik burua hotz mantendu zuten. Zumaiarraren nekea bilatu zuten, baita aurkitu ere. Gernikarrak ez zuen etxeko txapelketatik agur esan nahi eta 13-14 aurreratu zituen horiak. Ladutxen erantzuna berehala: 14-14. Azken tantoak edozer pasa zitekeen, pilota zailak sartu zituzten, eta atzean ihes egin zion pilotak Lopezi.
Urtebetetze borobila
Mantzik 25. urtebetetze egunean oparirik onena eraman zuen etxera. Mutrikuarrak onartu zuen ez ziola partidari hasiera onik eman, “deseroso kantxaratu naiz, baina tantoak aurrera joan ahala, eta Ladutxen laguntzagaz, konfiantza hartzen joan naiz”. Getariarrak nabarmendu du lehen partidatik ikasi dutela eta lanean jarraitu dutela azkenera arte. Hurrengo astelehenean [abenduak 16], Alex Goitia eta Julen Del Rioren aurka finalerdietarako txartela lortu dezakete. “Bagenekien Barandika eta Lopezen aurkako partidan puntu garrantzitsuak genituela jokoan, irabaztera etorri gara eta hurrengo jardunaldian gauza bera egingo dugu”, esan du atzelariak.
Barandikak aitortu du aurtengo Winter Seriesak sentsazio “eskasekin” agurtu dutela: “Ez dugu gure mailan jokatu, batez ere lehen partidan, gaur apur bat hobeto, baina ez da nahikoa izan”. “Penatuta” agertu da aurrelaria etxeko txapelketa nagusitik kanpo geratu izanagatik, “kirolean horrelako egunak eta txapelketak daude, eta aurrera begira jarri behar gara. Azken partida irabaztera aterako gara eta ea arantza ateratzeko gai garen”. Partidari dagokionez, urdinen “gogortasuna” azpimarratu du, mutrikuarrarena batez ere. “Ez gara gai izan izaera erasokorrago bat erakusteko, lehen partidan bezala, eta haiek huts gutxi egiterakoan are gehiago nabaritu dugu”.