Elexaldeko frontoia zelan estali erabaki behar dute ispastertarrek
Sei proiektuen erakusketa probalekuko sarreran daude ikusgai abenduaren 15era arte.
Ispasterko Udalak Elexaldeko frontoia estali nahi du, eta horretarako ispasterren iritzia jasotzea beharrezkotzat jo dute. Horretarako parte hartze prozesu bat jarri dute martxan. Abenduaren 3tik probaleluko sarreran ikusgai dago udalak esku artean dituen sei proiektuen erakusketak. Bertan azalpenak eta irudiak jarri dituzte herritarrek ikusteko.
Aurretik jarri zuen martxan udalak lehiaketa Arkitektoen Eskolaren laguntzagaz. Hasiera batean 17 proposamen jaso zituzten, baina bat kanpoan utzi behar izan zuten baldintzak betetzen ez zituelako. Ostean, epaimahaiak lehen hautaketa bat osatu zuen. Hala ere, aurreproiektua epez kanpo aurkezteagatik beste proposamen bat kanpoan geratu zen. Epaimahaian daude herriko alkatea, bi alderdietako zinegotziak eta arkitektoak.
Gero, bozkatzeko fasea helduko da. Gogoratu dute herrian erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek bakarrik bozkatu dezaketela eta NA aurkeztu behar dela. Hain zuzen ere, astelehenean [abenduak 9] eman diote hasiera udaletxean. Udaletxean bozkatzeko aukera barikura arte [abenduak 13] egongo da 10:00etatik 14:00etara. Beste alde batetik, abenduaren 13an eta 15ean probalekuan bozkatzeko aukera egongo da. Barikuan 17:00etatik 19:00etara eta domekan 11:00etatik 14:00etara.
Herritarren eta epaimahaien artean erabakiko dute zein izango den proposamenik egokiena. Hurrengo asterako aukeratu nahi dute azken erabakia, irabazlea. Udaletik azaldu dute aurreikuspena dela 2025ean lizitazioekin hastea, baita obrak hastea ere 2026an amaitzeko.