Leargik Mendexako frontoian jarri du bere lehen instalazio fotoboltaikoa
36 plaka jarri dituzte teilatuan, Mendexako Udalagaz sinatutako hitzarmenari esker. Argindarra autokontsumo partekatuaren bidez erabili ahal izango dute bertara atxikita geratuko diren herriko bazkideek.
Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitatea Kooperatiba Elkarteak Mendexan jarri du bere lehen instalazio fotoboltaikoa. Hain zuzen ere, eguzki plaka jarri dituzte Mendexako frontoiaren teilatuan. Horretarako, hitzarmen bidez, herriko udalak laga dio teilatuaren erabilpena. 20,7 kWp-tako 36 plaka jarri dituzte.
Herriko Leargiko bazkideek autokontsumo partekatuaren bidez erabili ahalko dute eguzki plakek sortzen duen argindarra. Energia sortu eta bertan berehala kontsumitzeko aukera izango dute, baina produkzio gunetik bi kilometrotako mugaren barruan. Hori da estatu mailako legediak gaur egun ezartzen duen muga.
Leargiren helburua da sortzen den energia guztia autokontsumoan erabiltzea, “komenigarriagoa” delako energia kontsumitzea soberan eduki eta saltzea baino. “Norberak sortutako energiaren onura handiena lortzeko gakoa autokontsumoa da: zenbat eta autokontsumo gehiago, onura handiago”.
Azaldu dutenez, instalazio berrira atxikita geratuko diren bazkideek ez dute euren egungo argindar komertzializatzailea aldatu beharrik izango. Leargik kudeatuko ditu bazkide bakoitzaren argindar fakturan egin beharreko moldaketak. Instalazioa martxan ezartzen denetik aurrera, bertako bazkide erabiltzaileek “euren kontsumoaren araberako kuota” ordainduko diote Leargiri zein ohiko euren argindar enpresari. “Esan bezala, zenbat eta gehiago aprobetxatu bertan sortutako energia, fakturaren beherapenean gehiago igarriko dute”, zehaztu dute.
Jakinarazi dute hurrengo asteetan egingo dutela Mendexako bazkideekin batzarra, “inbertsio honen gaineko informazio zehatza emateko”
23.253,84 euroko aurrekontua dauka instalazioak eta inbertsioa egiteko EVE Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere jasoko dute. Hitzarmenaren arabera, Mendexako Udalak Leargi Kooperatibari utzi dio teilatuaren erabilpena hurrengo 25 urterako. Hori bai, Leargiren ardura izango da “mantenua eta segurtasuna”. Astelehenean [abenduak 16] sinatu zuten akordioa Mendexako alkate Mari Jose Uriartek eta Leargi Kooperatibako lehendakari Gaizka Muñozek.
Inbertsioa bera Leargi Kooperatibako bazkideek finantzatuko dute, borondatezko diru ekarpenen bidez, mailegu gisa. Jakinarazi dute hurrengo asteetan egingo dutela Mendexako bazkideekin batzarra, “inbertsio honen gaineko informazio zehatza emateko”.
Irabazi asmorik gabeko eta izaera sozialeko kooperatiba da Leargi, 2022ko urrian eratu zen, eta gaur egun Lea Ibarreko bost herritako 187 pertsona dira bazkide erabiltzaileak (Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar). Bost udalak, era berean, Energia Berriztagarrien Komunitate horretako bazkide laguntzaileak dira.