Helmugarik gabeko erronka
Helmugak proiektuak erronkaren amaiera ekitaldia egin du. 8.000 euroko txekea eman diete haurren gaixotasunen aldeko Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei. 2026rako "inoizko jairik handiena" aurreratu dute.
Orain bai. Orain, ofizialki amaitu da 2024ko Helmugak proiektuaren erronka solidarioa. Eta beste urte betez, helburuak bete ditu. Haurren gaixotasunen aldeko Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei 8.000 euroko txekea eman zieten, Berriatuko bideo gelan egindako azken ekitaldian.
Amaiera “borobila” eman zioten aurtengo jardunari. “Azken jaia benetan polita atera zitzaigun, bete-betekoa, ametsetakoa, pentsatzen genuena baino askoz politagoa”, azaldu du Ander Txakartegik. Argi zuten bestelako amaiera bat eman nahi ziotela; euren ukitu propioa eman nahi zioten, egiten dituzten gauza guztietan bezala.
Kasu horretan umoretik jotzea erabaki zuten, normalean horrelako ekitaldietan egoten den protokolo eta seriotasunetik urrunduz. Maren Basterretxeak eta Eñaut Gandiagak ikuskizun “ederra” eman zuten: “Helburua apur bat seriotasunetik aldentzea zen, eta egia esan, formatu, eduki eta luzera aldetik ezin hobea izan zen. Ez zen ez laburregia, ez luzeegia izan, horretarako joera izaten delako askotan”. Antolatzaileak ez ezik, bertaratu ziren guztiek ere begi onez ikusi zuten saioa; beraz, amaiera borobila eman zioten. Batez ere eskertuta agertu ziren Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteko kideak, haiek bereziki eskertu zutelako zerbait desberdina egin izana: «Haurren gaixotasun desberdinen aldeko ekintza izanagatik, ez da zertan beti tristea edo serioa izan behar, elkartasuna adierazteko modu asko daude, eta esango nuke horregatik berezia izan zela».
Euskal kulturan jan-edanak harreman zuzena dauka ospakizunekin. Helmugak Erronkaren kasuan, argi zegoen helburu nagusia elkartasuna adieraztea zela. Hori bai, esan dute Zentrala tabernaren eta Gesalaga enpresaren bitartez antolatutako jan-edana “ederra” izan zela, eta zapore «are gozoagoa» uzteko aukera eman ziela.
Orokorrean, Helmugak Erronkaren balorazio “ezin positiboagoa” egin dute Txakartegik eta bere taldekideek. Txakartegik uste du aurten beste pauso bat eman dutela, urte osoan zehar eta batez ere jaialdiaren egunetan: Helmugak Erronkak herri izaera hartu du. Agian berak irudi eta figura nagusia izaten jarraitzen badu ere, berriatuar guztien “elkarlana, laguntza eta konpromisoa” nabarmendu ditu: “Lan asko dago atzean; oso gogorra eta luzea da, eta amaieran ere bidean izandako laguntza guztia eskertu nahi izan genuen”. Hilabete guztietako bideoak proiektatu zituzten, denak direlako proiektuaren parte. “Beti egoten da arazoren bat edo beste bidean, edozein motatakoa, baina atzean laguntzaile sarea bat bakarrik ez, herri baten konpromisoa eta lana duzula jakiteak indar are eta handiagoa ematen dizu aurrera jarraitzeko”, nabarmendu du berriatuarrak. Errepidean gurpila ematen dizun tropela da Txakartegirentzat Berriatuko herria, aurrera egiteko haizea kentzen dizuna.
Inoizkorik handiena
Hain zuzen ere, dagoeneko aurrera begira dago berriatuarra, momentuz, helmugarik gabeko erronka solidarioa delako Helmugak. Jakina denez, bi urterik behin antolatzen dute jaialdi erraldoia, baina urte osoan zehar horretarako lan egiten dute. Txakartegik, esate baterako, parte hartzen duen lasterketa guztietara eramaten ditu elkarteen izenak, azken batean ikusgarritasuna eman nahi dielako.
Berriatuan, Lea-Artibain eta Bizkaian ez ezik, zabalkunde handiagoa eman nahi die parte hartzen duen erronken bidez. Hori du helburu 2025. urterako ere. Urte hasieran, adibidez, Andaluzia hegoaldeko Tartessoseko Legendak izeneko proban parte hartuko du, urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra. Martxoan, berriz, 340 kilometroko La Flamenca lasterketan izango da. Aurrera begira, aurreratu ez baditu ere, hiru helburu nagusi jarri dizkio bere buruari. Parte hartze horiekin oihartzuna eman nahi die elkarteei. “Batez ere, hiru erronketako bi bereziki gogorrak dira, oso bereziak, eta nire buruari jarritako erronka nagusiak dira datorren urteari begira. Prestakuntza lan oso handia eta luzea eskatzen dituzten lasterketak dira, ez bakarrik fisikoki, baita psikologikoki ere. Antolakuntza aldetik ere exijentzia handia daukate, dena ondo prestatuta eta egokituta eraman behar delako”.
Hori bai, datorren urtera begira, aldaketa nagusi bat egingo du, ez du Crowfoundingik egingo, laguntza eta elkartasuna ikusgarritasunaren eta zabalkundearen bidez eman nahi ditu. Baina, era berean, 2026rako “jai erraldoi” bat antolatu nahi duela aurreratu du berriatuarrak, “inoizkorik handiena”. Ez dauka erronka samurra.