Bertsolariek Ondarroako Kiroldegia berotu dute Errege Eguneko saioan
Miren Amuriza, Josune Aramendi, Xabat Galletebeitia eta Aitor Sarriegi igo dira oholtzara gaur, eta Iñaki Lersundi arduratu da gaiak jartzeaz.
Apurka-apurka joan da betetzen Ondarroako Zaldupe Kiroldegia, eta bakoitza bere aulkian jarri ondoren, 12:30ean eman diote hasiera bertso saioari. Bertsolariek oholtzako bidea egiten zuten bitartean, ikusleek txalo beroz egin diete ongi etorria. Miren Amuriza, Josune Aramendi, Xabat Galletebeitia eta Aitor Sarriegi izan dira urteroko Errege Eguneko bertso saioko lau protagonistak, eta Iñaki Lersundi ondarrutarra aritu da gai-jartzaile lanetan.Â
Eguraldiaz aritu da Sarriegi hasierako agurrean, bertsolariak kantxa “berotzeko” prest zeudela azpimarratuz. Urte berri on eman dien Amurizak ondarrutarrei, eta gaurko Errege Egunari erreferentzia egin eta monarkiaren aurkako mezua bidaliz hasi du saioa Galletebeitiak. Aramendik berriz, Ondarroako herria erdigunean jarriz, bertokoei eskaini die hasierako agurra.Â
Gaurkotasunezko gaiei buruz ibili dira bertsolariak, buru-belarri. Osasun mentalaren gaiari heldu diote Galletebeitiak eta Aramendik, eta tabuen artean ibili ondoren, osasun mentala politizatzeko garaia dela aldarrikatu dute. Valentziako Painportara egin dute salto Amurizak eta Sarriegik, eta agintariak jarri dituzte jopuntuan. Giselle Pelicoten auzia plazaratu dute ondoren, eta azken aldian sare sozialen bidez salatu diren erasoei buruz aritu dira Amuriza eta Aramendi, eta lotsa soilik ez, ardura ere, aldez aldatu behar dela azpimarratu du Amurizak. “Erasotzaileari jo diogu atea/ amaitu zaizue inpunitatea”, erantzun dio markina-xemeindarrak. Amuriza eta Galletebeitia Mikel Zabalzaren auziari buruz ere aritu dira, izan ere, orain dela hilabete, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean bere omenezko oroigarria jarri dute, Guardia Zibilek bertan atxilotuta eduki eta 39 urtera. Hori horrela, agintariak seinalatu dituzte bertsolariek, eta oraindik, kuarteletan, plaka asko falta direla azpimarratu dute: “Plaka bat falta zaigu kuartel bakoitzean”.Â
Ikusleek txaloekin eman die erantzuna bertsolariei, eta oholtza gaineko bakoitzak agurra abestu ondoren, datorren urteko saioan jarri dute begirada antolatzaileek.Â