Partida "onak eta politak" jokatu dituzte Markina-Xemeingo Gabon Sarian
Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolak 24 puntista elkartu ditu Uni frontoian, lau mailatan banatuta: umeak, kadeteak, gazteak eta nagusiak. Partidak "oso ondo" joan dira, eta ikusle aldetik ere "jende asko" ibili dela adierazi dute antolatzaileek.
Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako puntistek ezin hasiera hobea eman diete urteari. Ohiturari eutsiz, eskualdeko hainbat puntista elkartu dira Uni frontoian, Gabon Sariak jokatzeko asmoz. Hala, zapatuan [urtarrilak 4] eman zieten amaiera txapelketari. Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskola irakasleak eta Gabon Sarien antolatzaileak adiera duenez, txapelketa “oso ondo” joan da: “Jende asko ibili da orokorrean, eta baita finalean ere. Partida onak eta politak irten dira”.
Giro ederrean jokatu zituzten, beraz, finalak. Guztira 24 puntista aritu dira lehian, lau mailatan banatuta: haurrak, kadeteak, gazteak eta nagusiak. Hala, zapatuan haurrek eman zieten hasiera finalei. Urtzi eta Arrizabalaga aritu ziren Praderaren eta Xubanen aurka; lehenengo bikoteak eskuratu zuen garaipena bi setetan, 15-10 eta 15-14 irabazita.
Kadeteetan, aldiz, Lur-Orhi eta Helena-Bustindui bikoteek jokatu zuten finala. Olabe entrenatzaileak adierazi duenez, Kareaga zen jokatzekoa, baina sorbaldan mina hartuta zegoenez, haren ordez Helenak jokatu zuen. Partida “zirraragarria” izan zela adierazi du Olabek: “Laurek jokatu zuten partida ona, eta hirugarren seta jokatu behar izan zen irabazlea erabakitzeko”. Hala, 15 eta 12 irabazi zuten lehenengo seta Lurren eta Orhik; bigarrena, ostera, Helena eta Bustinduirentzat izan zen, 14-15. Set erabakigarrian Lur-Orhi bikotea nagusitu zen, 5 eta 2 irabazita.
Gazteen partida ere, zirraraz betetakoa izan zen. Lehenengo setean Astelarra II.a eta Xuban aurreratu egin zitzaien Txomini eta Aratzi, eta 15-8 irabaztea lortu zuten. Bigarrenean ere Txomin eta Aratz atzetik joan ziren arren, 14na egitea lortu zuten: “Astelarrak partida itzela jokatu zuen, eta bigarren setean Txominek eta Aratzek markagailuari buelta ematea lortu zuten arren, azkenean Astelarra II.ak eta Xubanek irabazi zuten, 15-14”.
Azkenik, nagusien partida jokatu zuten Olha-Bailo eta Arbe-Argoitia bikoteek: “Partida polita jokatu zuten, baina, Arbek eta Argoitiak erraz lortu zuten irabaztea”. Hala, 15-13 eta 15-7 lortu zuten garaipena Arbek eta Argoitiak. Antolatzaileak “oso pozik” geratu dira aurtengo txapelketagaz, eta eskerrak eman dizkiete parte hartzaile nahiz ikusle guztiei.