Mahl Kobat: "Autodestrukzioaren inguruko lana da aurkeztu berri dudan diskoa"
Bere lehenengo lanagaz dator Beñat Bidegain ondarrutarra. Mahl Kobat izen artistikoagaz 'Zelan apurtu pertsona bat.' diskoa aurkeztu berri du, eta zuzenekoetarako "gogotsu" dago.
Abenduaren 21ean kaleratu zuen Beñat Bidegain ondarrutarrak, Mahl Kobat izenpean, bakarlari bezala egindako lehenengo diskoa: Zelan apurtu pertsona bat. Ordutik, aurkezpen kontzertuak eskaini ditu Oñatin, abenduaren 22an, Ondarroan, abenduaren 26an, eta Orion, urtarrilaren 3an. Etorkizun hurbilera begira, zuzenekoak eskaintzen jarraitzea da bere asmoa, izan ere, hitzordu batzuk lotuta ditu jada. “Sormen prozesua erabat gelditu da. Diskoa atera nuenetik ez dut sortzeko beharrik izan, beraz, orain, kontzertuak eskaintzea da nire asmoa”.
Konfinamendu garaian hasi zuen Mahl Kobat proiektua, eta bost urteko lanaren ondoren, 2024ko maiatzean aurkeztu zuen lehenengo abestia: “Gogoa neukan lau urteren ondoren proiektua oholtzara eramateko, oso proiektu intimoa da, baina gogotsu eta prest sentitzen nintzen aurkezteko”. Maiatzean Labadorin kanti izeneko abestia kaleratu zuen, eta nahiz eta hasiera batean bere asmoa ez zen disko osoa grabatzea, udan zehar aldatu zuen ideiaz: “Ez nuen aurreikusten disko bat grabatuko nuenik, ez bainituen hainbeste abesti. Baina udan zehar diskoaren ideia sartu zitzaidan buruan, eta udazken guztia horretan ibili ondoren, eskuartean daukat nire lehenengo bakarkako lana”. Urrian zehar egin zituen grabaketa lanak, Irunberriko Sima estudioan, eta Ibai Osinaga arduratu zen grabaketa eta nahasketarekin.
Talde desberdinetatik dator Bidegain eta Azalera taldearen ibilbidea bukatu ondoren proiektu pertsonal batekin hasteko gogoa zeukan: “Jende desberdinagaz lana egitean nire ideiak aldatzen zihoazela ikusten nuen, normala den bezala. Beraz, zerbait pertsonalagoa edo intimoagoa egin nahi nuen, nire benetako ideiak islatzeko, beste inorekin kontrastatu gabe. Hasieratik nekien ez zela erraza izango, eta horregatik igaro dira bost urte hasi nintzenetik, askatasun osoz egin dudan lana izan delako”.
Hamar abestigaz osatutako diskoa da honakoa, eta lanaren izenburuak entzun daiteken guztia laburbiltzen duela dio bakarlariak: “Zelan apurtu pertsona bat. Hori da lanaren izenburua, puntu eta guzti. Izenburuak diskoaren ideia guztiak barnebiltzen ditu. Esan genezake, autodestrukzioaren inguruko lana dela, eta letrak ere bide horretatik doazela. Negar egitera bultzatzen zaituen musika da, sentikorra. Autobiografikoa izan daiteke puntu batean, baina fikziotik ere badauka, bien arteko uztarketa da”.
Osatutako abestietatik bat aukeratzea zaila egiten zaiola dio Bidegainek, baina bat aukeratzekotan, zazpigarrena seinalatuko luke: “Auman kanti, atxitxai. Horrela deitzen da zazpigarren abestia. Duela 13 urte hil zen aitona, eta berari idatzitako abesti bat da, amonari buruzkoa. Hau da, aitonari idatzitako abestia aitzaki bezala erabili dut amonari nolabaiteko omenaldia egiteko, eta berari buruz hitz egiteko”.
Aurkeztu berri duen lanean bakarlari bezala aritu bada ere, musikari desberdinek hartu dute parte. “Xalba Ramirez arduratu da sintetizagailu, gitarra eta bateria jotzeaz, eta baita, sanpleak egiteaz ere. Ibai Osinagak egin ditu oihuak, txistua eta baxua”. Horrez gain, zenbait abestiren hitzak beste sortzaile batzuenak direla azpimarratu du Bidegainek: “Labadorin kanti abestiaren hitzak Martin Bidaurrenak dira, eta Keu Agirretxearekin grabatu nuen Ondarroako Oilotokian. Nor Nork II abestiaren letra Izaskun Igoarena da, eta Etorkizuna IV abestiari Itziar Ugartek jarri zizkion hitzak”. Diskoaren diseinuan eta maketazioa Beñat Eizagirrek egin dio, eta bertako argazkiak Iker Gozategirenak dira.
Datozen kontzertuak. Orain arteko aurkezpen kontzertuen balorazio “oso ona” egin du Bidegainek, eta datozenetarako “gogotsu” dagoela dio: “Orokorrean oso harrera ona izan dute orain arte egindako aurkezpenek, eta espero baino jende gehiago etorri da. Uste dut, orokorrean, lortu dudala jendearengan bilatzen nuen efektua, eta horrekin, pozik nago. Publikoagaz melankoliatik eta tristuratik konektatzea izan da helburua, eta ikusi dut lortu dudala”. Otsailaren 2an edukiko du hurrengoko kontzertua, Zuiako Gaztetxean, Hil da Laboa kolektiboak antolatutako jaialdian, Emeadedei taldeagaz batera. Otsailaren 27an, Iruñan izango du zuzenekoa, Zaldiko Maldiko Elkartean, Peru Galbetegaz batera, eta maiatzaren 9an, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, Josephine Fosterregaz.
Diskoa plataforma digital guztietan dago entzungai, eta kontzertuetan ere, fisikoan erosteko aukera dagoela azpimarratu du Bidegainek.