Zuzendaritza aldaketa eta "aldi berria", Lekeitioko Uribarren-Abaroa egoitzan
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, Uribarren-Abaroa egoitzako patronatuak orain arteko zuzendaria eta koordinatzaile psikosoziala kaleratu ditu; Matia Fundazioak hartu du egoitza zuzentzeko ardura. Lea-Artibaiko LASek uste du horrek "aukera berriak" zabaltzen dituela, baina, "zerbitzua, oraindik, beharko lukeenetik urrun" dagoela.
Hilabete luzez egindako lanak fruituak eman ditu Lekeitioko Uribarren-Abaroa egoitzan. Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, patronatuak Fernando Ibarra orain arteko zuzendaria eta Esther Arrieta koordinatzaile psikoziala kaleratu ditu. Halaber, “aldi berri bat” hasi dute bertan.
Patronatuak egindako kaleratze horiek “hausnarketa prozesu luze baten ondorio” izan dira: “Arrazoi justifikatuak baino gehiago aurkitu ditu azkenean hartu duen neurri zorrotza hartzeko”. Izan ere, udalak adierazi du duela “hainbat hilabete” hasi zirela egoitzako langile eta erabiltzaileen kexak jasotzen, eta horren aurrean, egoera aldatzeko patronatuagaz elkarlanean aritzeko apustua egin zuten: “Esan behar da, patronatuak eskuzabalik hartu zuela udalaren elkarlanerako proposamena, eta ordutik, ibilbidea oso emankorra izan dela”.
Udalak adierazi duenez, aldi berri horretan “lehentasun osoa” edukiko du pertsonarengan oinarritutako zaintza sistema ipintzeak. Horretarako, patronatuak Matia Fundazioaren zerbitzuak nahi ditu, Jone Eguren fundazioko zuzendariaren eta haren lan taldearen eskutik: “Fundazio horrek esperientzia handia dauka Esukal Herri mailan hainbat erresidentziaren kudeaketa eta aholkularitza lanetan, eta esan dezakegu, gaur egun, zaintza ikuspegi eta lan filosofia aurreratuenekin lan egiten duela”.
Udal ordezkariek ziurtasunez adierazi dute aurrerantzean zuzendaritza berriak egin beharrekoa “zeregin iportantea” izango dela, baina, oztopoak gainditzeko gai izango dela: “Azken hilabeteetan erakutsi duen lez, ziur gaude oztopo guztien gainetik gai izango dela langileen, senideen, patronatuaren, eta zelan ez, udalaren babesagaz ibilbide eder eta oparo bat egiteko”.
Lea-Artibaiko LAS: “Aldaketak egon diren positiboki edo negatiboki baloratzeko goizegi da, baina lanerako giro hobea dago; hala ere, lan kargak altuak izaten jarraitzen dute”.
“Zuhurtziaz” jokatzeko eskaera. Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) ere lanean aritu da lan baldintzak hobetzeko asmoz: 2023ko maiatzean hasi zuten, hain zuzen ere, borroka. Uribarren-Abaroa egoitzako langileek Lea-Artibaiko LASen eskutik salatu zuten euren lan egoera. Besteak beste, laneko segurtasuna bermatzeko materiala ez izatea, kontratazio faltaren ondoriozko lan erritmo jasangaitzak, praktiketako langileak soldatapekoen funtzioak betetzen egotea, bajak eta eszedentziak betetzeko langilerik ez kontratatzea eta egutegi aldaketak jakinarazteko lan hitzarmenean zehaztutako denborak ez betetzea salatu zituzten.
Hala, borrokari ekin, eta udalaren eta patronatuaren inplikazioa lortu zuten: “2023ko maiatzean hasi genuen borrokaren ondorio da udala eta patronatua inplikatu izana; langileak borrokan hasi izan ez balira ez litzatekeen ezer aldatuko”. Halaber, zuzendaritza aldaketak “aukera berriak” irekitzen dituela uste du Lea-Artibaiko LASek, “baldintza hobeak” ezartzen dituelako langileen eta egoiliarren egoera hobetze aldera. Hala ere, nabarmendu nahi izan dute “zuhurtziaz” jokatu behar dela: “Aldaketak egon diren positiboki edo negatiboki baloratzeko goizegi da, baina lanerako giro hobea dago; hala ere, lan kargak altuak izaten jarraitzen dute. Aipatu behar dugu oraindik lan baldintzak eta ematen den zerbitzua beharko luketenetik urrun direla. Guk, bide horretan, langileon antolakuntzaz, lanean jarraituko dugu”.
Zaintza, erdigunean. Bestalde, udalak azpimarratu du “behar den guztirako” hor egongo direla. Izan ere, gogorarazi dute udal gobernuaren helburua “herritarren bizitzak hobetzea” dela: “Zaintzen duen herria izan nahi dugula aldarrikatu dugu, eta gure indarrak horretan ipintzeko konpromisoa hartu genuen agintaldia hasi orduko. Horrela ba, Uribarren-Abaroa egoitzaren egoera onbideratzeko erronkari kolpe egin genion udalera heldu bezain laster”.
Hala, udal ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiete patronatuari: “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Uribarren-Abaroako patronatuari hilabete hauetan elkarlanean aritzeko erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Ez da makala izan egindako lana, baina bere fruituak eman ditu, eta aurrerantzean ere emango ditu”. Era berean, langile, egoiliar eta senideei ere, egindako lana eskertu diete: “Zuen lana eta ekina ezinbestekoa izan da egoera honetara heltzeko. Eskerrik asko, benetan”. Azkenik, Matia Fundazioko kideen lana ere eskertu dute: “Oztopoz betetako ibilbide gogorra izan da, baina duintasunez eutsi diozue. Ez dugu ahaztuko”.