Herritarrentzako harreta zerbitzu berria jarri du martxan Mutrikuko Udalak
Udalarekin kontaktuan jartzeko Whatsapp bidezko arreta zerbitzua jarri zuen martxan Mutrikuko Udalak abenduaren amaieran.
Abenduaren amaieran herritarren arreta zerbitzu berria abiarazi zuen Mutrikuko Udalak, herritarren eta udalaren arteko harremana errazteko helburuarekin. Whatsapp bidezko zerbitzua izango da honakoa, eta erabiltzaileek udaleko sail gehienekin komunikatzeko aukera izango dute, “zalantzak argitu, iradokizunak egin edo beste edozein gai modu azkarrean jorratzeko”. Hala ere, Mutrikuko Udalak argi utzi nahi izan du, bide honek ez duela legezko prozedura administratiborik ordezkatzen: “Komunikazio eta informazio bidea da bakarrik”.
Sailei dagokienez, Turismoa, Garapen Ekonomikoa, Gazteria, Kirola, Liburutegia, Euskara, Udaltzaingoa, Musika Eskola eta Hirigintza izango dira herritarrek kontaktatu ahal izango dituztenak. “Whatsapp zerbitzu hau martxan jartzeak, Mutrikuko Udalarentzat herritarrekin lotura estutzeak duen garrantzia erakusten du. Udalak herritarrekiko gertutasuna lortu nahi du, herritarrek egunerokoan dituzten arazo edo beharrak entzun eta, ahal den guztietan, konpontzeko”, adierazi du Mutrikuko Udalak.
Udaletxeko harreran, liburutegian, kiroldegian, turismo bulegoan eta Mutrikuko Udalaren web orrialdean jarriko diren karteletan egongo diren QR kodea eskaneatuta izango dute herritarrek zerbitzua erabiltzeko aukera. “QR kodea eskaneatu ondoren, ezarritako baldintzak onartu eta ‘kaixo’ idaztea baino ez da behar. Bi hizkuntzetan dago erabilgarri, euskaraz eta gaztelaniaz, eta guztiz intuitiboa izango da”.
Mutrikuko Udalaren arabera azken urteetan “aldatu” egin da komunikatzeko modua: “Arreta ez presentzial handiagoa eskatzen dute herritarrek, baina, aldi berean, hurbilekoa eta azkarra”. Horregatik, gizartearen erritmora egokitzeko lanean dabilela dio udalak, eta herritarren arretarako ezarri duten sistema berri hau horren adierazle dela.
“Gure helburua, udalak eskaintzen duen herritarren arreta modernizatzea eta digitalizatzea da, herritarrek zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa izan dezaten”, adierazi du Mutrikuko Udalak. Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia planaren baitan garatutako proiektuaren barnean kokatzen den ekintza da honakoa, Europar Batasunak finantzatutakoa.