Aulestiko herria izango da protagonista 'Denboraren sokak' dokumentalean
Urtarrilaren 10ean [barikua] aurkeztuko du Aulestiko Ondare taldeak sortu berri duen ikus entzunezkoa, 18:30ean, Udal Areto Nagusian.
Bihar [barikua] aurkeztuko dute Aulestin herriko Ondare Taldeak sortu duen Aulesti: Denboraren sokak ikus entzunezkoa. 18:30ean izango dute hitzordua herritarrek, Udal Areto Nagusian. Ondare Taldeko kideek adierazi dutenez, 2023an jarri zen martxan proiektua, Europako Ondare Jardunaldien bueltan: “Urtero antolatzen dira Europako Ondare Jardunaldiak, eta bakoitzean, gai zentral bat egoten da. 2023an ‘ondare ez naturala’ izan zen gaia, eta hortik sortu zitzaigun dokumentala egiteko ideia, herri mailan, ondare ez materiala zer den azaltzeko. Baina pentsa baino dimentsio handiagoa hartu zuen proiektuak, eta denboran luzatu egin gara, horregatik, bihar aurkeztuko dugu”.
Urte beteko ziklo batean ondare ez materialagaz lotuta dauden ekintza desberdinak agertuko dira dokumentalean, udazkenetik udazkenera. “Ohiturak, sinesmenak, erlijioa… historian zehar eta gaur egun udazkenetik udazkenera Aulestin egin izan diren, edo egiten diren, ohitura eta ekintza desberdinak agertuko dira. Batzuk, oraindik egiten direnak, eta beste batzuk, desagertuta daudenak. Adibidez, Gabonetan Olentzero, Otsailean Santa Agedako lur jotzea, neguko hotzetatik esnatuz, edo kapaien hizkuntza, gaur egun galduta dagoena. Pila bat esparru desberdin ageri dira bertan”. Protagonistak Aulesti eta aulestiarrak direla azpimarratu dute Ondare Taldeko kideek: “Dokumentalaren oinarria Aulesti da, eta Aulestiko herria egin zuen eta egiten duen jendea. Ikus entzunezkoaren izena ere hortik doa: denboraren sokak. Izan ere, soken bidez egin dugun lotura adierazten du dokumentalak”.
Dokumentala ikusteko “interes eta gogo” handia dagoela adierazi dute dokumentalaren sortzaileek: “Alde batetik urte bete beranduago datorrenez, jendeak gogo handia dauka ikus entzunezkoa ikusteko. Bestalde, dokumentalean bertan pila bat herritarrek parte hartu dute, eta denak egon dira prest esku bat botatzeko, edozer eskatu, eta emateko. Beraz, horrek ere jendea ekarriko du. Prestutasun handia egon da, eta hori eskertzekoa da. Uste dugu aretoa bete egingo dela, eta prozesu guztiaren islada izango da hori. Herri bizia daukagu, laguntzeko prest dagoena, eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu”.