Javier Arrieta ondarrutarrak aipamena lortu du Espainiako seigarren blog juridikoen sariketan
Blogak aipamena lortzeaz gain, Javier Arrietak bertan argitaratutako artikuluetako bat Espainiako seigarren blog juridikoen sariketako finalaurrekoetara ere heldu zen.
2024ko martxoan sortu zuen Javier Arrieta Idiakez ondarrutarrak Derecho Social izeneko blog juridikoa, eta abenduan, Globoversia taldeak antolatutako Espainiako seigarren blog juridikoen sariketan aipamena lortu zuen. Arrieta, zuzenbide lizentziaduna da, eta lan-zuzenbidean doktorea. Gaur egun, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedratikoa ere bada Deustuko Unibertsitatean.
Urteetan zeukan bloga sortzearen ideia buruan, eta martxoan pausua eman zuen: “Denboran nenbilen ideia horrekin, eta azkenean martxoan sortu nuen bloga. Lan asko eskatzen du, jarraikortasun bat behar du eta elikatu egin behar da, ikuspuntu profesionaletik eta azterketa sakonetan oinarritutako artikuluak behar dira”. Bere helburua, ahal den modu sinpleenean, arlo juridikoko gaiak azaltzea da: “Ez da erraza, jakina, arlo juridikoa bera konplexua delako. Baina helburua hori da, ikuspuntua galdu gabe, gai zailak ahal den errazen azaltzea”.
Espainiar estatuko blog juridikoak aurkezten diren sariketa da honakoa, Arrietaren hitzetan, “garrantzitsuena”: “Sariketa Espainia mailakoa da baina Hego Ameriketako blog batzuk ere badaude. Galtzeko ezer ez neukala ikusirik, aurkeztu egin nintzen, baina ez nuen espero ezer lortzea. Sorpresa handia izan zen, eta poz-pozik hartu nuen berria”. Izan ere, lehenengo bi sariak irabazi zituzten blogak, Espainia mailan, erreferentzia handikoak izan ziren, horrenbestez, poz handiagaz hartu zuen Arrietak saria: “Lehenengo saria, erakunde mailakoa izan zen, eta bigarrena, Antonio Baylosen blogak eskuratu zuen, 2007tik aktibo dagoena. Hauez gain, bete zazpi blogek jaso zuten aipamena, eta hor sartu zen nirea”. Aipamenaz gain, bi artikulu aurkeztu zituen sariketara Arrietak, eta bertako bat, finalaurrekoetara heldu zen. “Bi artikulu aurkeztu nituen, bata, lan munduan kirola bultzatzearen garrantziaren inguruan, esaterako; enpresa handi batean gimnasioa jartzea, edo txikiago batean laguntzak ematea kirola egin ahal izateko. Beste artikulua, trantsizio ekosozialaren ingurukoa da”.
Hilean hiruzpalau artikulu publikatzen ditu blogean Javier Arrietak, baina presiorik gabe egiten duela dio: “Ez dut nire burua estutzen, argi daukat zein den nire lehentasuna: familia. Beraz, helduko ez banintz, ez litzateke ezer gertatuko. Eskuartean daukadana hartzen dut, eta interesgarria dela ikusten badut, sakondu egiten dut, beti ere, gozatzeko. Hori baita gehien baloratzen dudana. Egunen batean estutuko banintz, utzi egingo nuke, uste dudalako gauzak maitasunez egin behar direla, gustora egon eta gozatzeko”. Gaztelaniaz idazten du blogean Arrietak, baina tarteka, Euskal Herriko lan harremanei buruzko gaiak sartzen ditu.
Urteko irakurrienak. Enpresabidea aldizkarian ere argitaratzen ditu Arrietak bere artikuluak, eta urteko hamar artikulu irakurrien artean, bi izan dira bereak: “Ilusio berezia egin zidan, oso berri ona izan zen. Egunero kaleratzen den aldizkaria da, eta urteko hamar artikulurik onenen artean bi nik egindakoak ziren. Zehatzago esanda, lehenengoa eta bederatzigarrena”. Kirolaren munduko hausnarketa bat egin zuen lehenengo artikuluan, zehazki, arraunaren inguruan: “Hausnarketa bat bota nuen artikulu honetan, ez alde ez kontra. Arraun munduan dauden ereduak mahaigaineratu nituen, eta eredu horiek zer sortzen duten ondorioztatu. Ereduetako adibide bat Ondarroako Arraun Taldetik hartu nuen, eta horrek ere ilusio berezia egin zidan, eta gainera, euskaraz idatzita zegoen”. Bederatzigarren artikulu irakurrienean, administrazioan irregularra den aldi baterakotasunarekin bukatzeko proposamena egin zuen.
Erlaizeak. 2024ko abenduan Erlaizeak izenagaz lehenengo aldizkaria argitaratu zuen Javier Arrietak bere euskarazko Javier Arrieta Idiakezen idazkiak webgunean. Bertan, Ondarroako herritar desberdinak dira protagonista, eta gai desberdinak jorratuz osatu du aldizkaria. Lehenengo orrialdeak Stan Up Paddlearen inguruko elkarrizketaz osatuta daude, Ibarloza Montero familia ondarrutarragaz izandako solasaldiaren ondorioz. Felix Beristain ere ageri da aldizkarian, margolariari buruz egindako dokumentala abiapuntutzat hartuz. 2024ko ondarrutarren argitalpen esanguratsuak hartuz osatu ditu Arrietak aldizkariaren gainontzeko orrialdeak. Arantza Ibarra Basañez, Ruben Sierra Fernandez, Mikel Etxaburu Osa, Kirmen Uribe Urbieta, Ana Urkiza Ibaibarriaga, Josu Arrizabalaga Basterretxea eta Pello Arrizabalaga Bengoetxea dira bertan ageri diren idazleak.