Palestinako herriaren errealitatea, beste ikuspuntu batetik
Joseba Zabalza argazkilariak 'Markaz Tulkarem: talde errefuxiatuaren itzulera' erakusketa ipiniko du Markina-Xemeingo Karmeldarren aretoan. Bihar [urtarrilak 10] egingo dute erakusketaren aurkezpena eta solasaldia, 19:00etan.
Palestinako herriaren errealitatea ikuspuntu desberdin batetik ikusteko aukera egongo da bihartik [urtarrilak 10] aurrera Markina-Xemeinen. Joseba Zabalza argazkilariaren irudiek eta Helena Bengoetxea eta Ivan Pastorren testuek osatzen dute Markaz Tulkarem: talde errefuxiatuaren itzulera erakusketa. Hura ikusteko aukera egongo da urtarrilaren 24ra arte; bihar [urtarrilak 10] 19:00etan erakusketaren inaugurazioa eta hitzaldia eskainiko dituzte egileek, Karmeldarren aretoan.
Zabalza argazkilariak azaldu duenez, Palestinako errealitatea erakusteagaz batera, “okupazioaren aurkako borroka eta erresistentzia” ere erakutsi nahi ditu, “oso ohikoa” ez den ikuspegi batetik kontatuta: “Kirola, eta kasu honetan, futbola, proiektu osoaren ardatz eta egituratzailea da. Azken batean, futbola komunitatearen kohesio moduan erakusten dugu, “kirol erregea” ulertzeko beste modu bat da erakusketa hau, milioi askoko kontratuetatik eta futbola negozio gisa ikustetik urrun”.
Hala, futbolak Palestinan, oro har, eta komunitate bakoitzean, bereziki, duen “garrantzia eta influentzia” erakutsi gura dute erakusketagaz: “Markaz Tulkarem futbol taldearen jokalarien eta zaleen bizitzetan murgildu gara, eta baita izen bereko errefuxiatuen eremuan ere, euren herrian errefuxiatuta dauden herritarren eguneroko bizitza erakusteko asmoz”.
Markaz Tulkarem errefuxituen eremuan, “arazo asko eta larriak” dituzten eremuan, futbola ihesbide moduan sortzen dela adierazi du Zabalzak. Zisjordania iparraldean dago Markaz Tulkarem, eta Zabalzaren esanetan, futbola ihesbide bat izateaz gain, bizitza normalizatuago bat eroatea errazten die: “Futbolak beti bete du arratsalde aspergarri bat gertakari bihurtzeko funtzioa, eta, Palestinaren kasuan, futbola bizitzeko modu bat da, oinarrizkoenari helduz bizirauteko modu bat, parentesi bat euren bizi baldintza zailetan, eta, nolabait, baita pertsona eta herri gisa dituzten eskubideak aldarrikatzeko beste modu bat ere, gasen eta balen eguneroko amesgaiztoaren aurrean”.
Irabaziak, eurentzat. Proiektu solidarioa da Markina-Xemeinera bihar helduko dena. Tambien nos robaron el futbol elkartearen bitartez, erakusketarekin nahiz liburuaren lortutako irabazi guztiak Markaz Tulkaremera bidaliko dituzte, bai futbol taldearentzat eta baita errefuxiatu eremuarentzat ere.