Veneziatik Mutrikura bueltan dator Akerbeltz
Zapatuan [urtarrilak 11] egingo diote ongi etorria mutrikuarrak Akerbeltz erraldoiari, 12:00etan, Goiko Plazan.
Zapatuan iritsiko da Mutrikuko Akerbeltz erraldoia herrira, eta mutrikuarrek ongi etorri “goxoa” prestatu diote. 12:00etan helduko da Goiko Plazara eta bertan izango ditu zain herritarrak gainontzeko hiru erraldoiekin batera: Mari, Urtzi eta Sorgina.
Behin Goiko Plazara heldu ondoren, Venezian bizitako esperientziaren berri emango die Akerbeltzek mutrikuarrei, nondik nora ibili den, eta zer egin duen kontatuz. Ondoren, herritarrek bertso bat abestuko diote Akerbeltzi, eta Goiko Plazan egingo duten lehenengo dantzarekin emango diote hasiera kalejirari. Goiko Plazatik Beheko plazarako ibilbidea egingo dute, eta bertan beste dantza baten ostean, Goiko Plazara igoko dira berriro, azkenengo dantza batekin kalejirari amaiera emanez.
Erraldoi eta Buruhandien konpantsako kideek adierazi dutenez, kalejira amaitu ondoren Akerbeltzekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute bertaratuek: “Zazpi hilabetez Venezian egon ondoren, herrira itzuliko da Akerbeltz, eta ongi etorri goxoa egingo diogu. Herritarrak gogotsu daude, eta uste dugu jendea etorriko dela, eta harrera ederra egingo diogula denon artean”.