Amestutako etxeak errealitate bihurtzen
Hogei urte dira Lekeitioko DK Studioak bere ateak ireki zituenetik. Sukaldeetan espezializatuta egotetik, etxe osoak dekoratzera igaro dira. Hasi zirenetik, baina, helburu argi baten atzetik lan egin dute: bezeroen etxeak neurri-neurrira egitea.
Hogei urtek askorako ematen dute, aldaketak, berritasunak, aurrerapenak eta beste hamaika kontu. Krisiak eta pandemia bat tarteko, Lekeitioko DK Studioko neskek denei aurre egin eta indarberrituta irtetea lortu dute. Hala, lantaldea handitu ostean, eurek nahi duten tokian daude gaur egun.
Koloreak, ehundurak, argiak eta itzalak, denak dira garrantzitsuak amestutako etxea apaintzerako orduan. Bakoitzak bere bereizgarriak eduki nahi ditu, eta horiei bizitza emateaz arduratzen dira Ibone, Jone Miren eta Amaia. Duela hogei urte eman zituzten lehen pausuak Ibone eta Jone Miren ahizpek, sukaldeetan espezializatutako denda modura.
Arin ikusi zuten baina, bezeroek asko eskertzen zutela dekoratzaile baten zerbitzua. Era berean, azkar konturatu ziren horrek zekartzan zailtasunekin ere: “Hasieratik ikusi genuen dekoratzaile baten orientazio eta ideiak oso ondo hartuta izan arren zaila zela berorren eginkizunen mugak bereiztea”.
Hala ere, lortu dute 20 urtean aurrera egitea, eta ez edozelan, gainera: “Ez bezero, ez gremioen aldetik, ez dugu inoiz arazorik izan, baina gure ahotsak bere tokia izateak denbora eroan digu. 20 urtean aldaketa asko bizi izan ditugu, 2008ko krisia izan zen lehenengo eraldaketa. 2020ko pandemia ere iragan eta gero, gure lana orain guk nahi dugun puntuan dago”. Sukalde eta bainu mueblegintzan hasi ziren arren, urteetako esperientziak, krisiek eta gremio eta bezeroek euren eginkizunen abantailak ikusteak, etxe osoko estudioak egitera eroan ditu DK Studioko hiru emakumeak.
Norbere neurrira egindakoa.
Zure etxea, zeure neurrira. Horixe da DK Studioaren leloa, eta horixe da, hain zuzen, euren Instagram kontuan ikus daitekeena ere: @dk_lekeitio kontuan ikus daitezke eurek egindako lanak. Etxe bakoitzaren potentziala eta bezeroen nahiak uztartuz, helburu argi baten atzetik lan egiten dute: “Gaur egun gure lanak etxe bateko espazio guztiak lantzen ditu, esaterako, armairuekin organizazioa hobetuz, distribuzioaren bitartez familiaren erosotasuna lortuz eta argien erabilpen on batekin eszena ezberdinak planteatuz. Etxean biziko direnen ongizatea lortzea da gure helburua”. Hala, Lekeitioko Dendari Kaleko 44. zenbakian dute estudio fisikoa (94-684 30 14 edo dkstudioalekeitio@yahoo.es).
Bezeroen nahiak, gainera, bertokoa bultzatuz asetzen saiatzen dira: “Gure ardura herriko eta inguruko gremio eta enpresa txikiekin lan egitea izan da beti, eta gure bezero askoren nahia ere, horixe izan da. Uste dugu Lekeition mediku, lan edo ikasketetarako kanpora irten beharraren eraginez-edo, kanpoan erosteko joera dagoela, gure sektorean behintzat. Gu, ezin gara kexatu. Denbora luze honetan herriko alde zaharreko estudio hau eta inguruko gremio eta artisautza mantentzen lagundu duten gure bezeroei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gure lantalde guztiaren partez”.