Malen Pazos Illarramendi: "Nire estilora gehien egokitzen den teknika ilustrazio digitala da"
Txikitatik marrazten du Malen Pazos Illarramendik (Mutriku, 1997), eta inoiz ez dio utzi sormena erabiltzeari. Bizitzan zehar esparru desberdinetan ibili den arren, duela lau urte ilustrazioaren bideari ekin zion, Instagrama erakusleiho bezala erabiliz, eta gaur gaurkoz, 36,5 mila jarraitzaile ditu bertan. Bere ametsa, liburu bat ilustratzea da, aukeran, berak egindako istorio batena.
Zerk eraman zintuen ilustratzaile lanetan hasteko pausoa ematera?
Ez dakit zehazki noiz hasi nintzen margotzen, baina txikia nintzenetik egiten dut. Ume lasaia nintzen, eta orduak eta orduak pasatzen nituen margotzen, lasai-lasai. Ordutik, ez diot margotzeari utzi. Denboraldi desberdinak izan ditut, batzuetan gehiago margotu dut, eta besteetan gutxiago. Administratzaile lanetan nenbilen ilustrazioaren inguruko master baten berri izan nuenean, eta momentu hartan ez nuen hainbeste denbora hartzen margotzeko. Baina masterraren iragarkia ikusi nuenean, berriro hasi nintzen, eta ilustratzen jarraitzeko gogoa sartu zitzaidan.
Orduan hasi zinen zure lanak sare sozialetan publikatzen?
Masterra egiten hasi nintzenean, Instagram bidez hasi nintzen nire lanak partekatzen, eta orduan erabaki nuen ilustrazioaren bidea hartu eta autonomo bezala lanean jarraitzea.
Zure lanetarako teknika digitala erabiltzen duzu. Naturalki hartu zenuen erabakia izan zen?
Uste dut mundu guztia modu tradizionalean hasten dela margotzen, eta ni ere horrela hasi nintzen. Gaur egun, ordea, ilustrazio digitala da erabiltzen dudan teknika, eta esparru horretan eroso eta gustura nago. Momentu honetan papera emanez gero, ez nuke jakingo nondik hasi. Procreate aplikazioa erabiltzen dut ilustratzeko; oso erosoa da, eta bertan egiten dut ia guztia. Kolore eta tamainaren azken ukituak Photoshoparekin egiten ditut.
Ilustrazio digitalari dagokionean, zeintzuk dira alde onak eta txarrak?
Xarma berezia dauka marrazkiak eskuz egiteak, artistak, modu tradizionalean eta eskuz, lana nola sortzen duen ikusteak. Baina niretzat digitala erosoagoa da, elementuak txikitu, handitu, edo baita koloreak aldatzeko orduan ere. Horrez gain, komertzializatzeko orduan, portfolioak edo paper-zorroak osatzeko momentuan, askoz errazagoa da, nik jada, lan guztiak digitalizatuta dauzkadalako. Nire estiloarekin gehien egokitzen dena digitala da, zalantzarik gabe.
Ez dakit zehazki noiz hasi nintzen margotzen, baina txikia nintzenetik egiten dut. Ume lasaia nintzen, eta orduak eta orduak pasatzen nituen margotzen, lasai-lasai.
Instagramen dituzun lan guztiek zenbait elementu dauzkate komunean, batik bat koloreak eta formak.
Probatzen hasi nintzen, kolore paleta desberdinak egin, eta nire estiloa garatzen joan nintzen apurka-apurka. Hasierako lanak ikusiz gero, kolore bakarrekoak ere badaude. Momentuaren eta gustuaren arabera eboluzionatzen doan zerbait da, baina, egia esan, beti saiatzen naiz kolore paleta bat mantentzen, eta horren ondorioz, Instagrameko profila kolore eta forma berdinekin josita dago, ezaugarri eta estilo antzekoekin. Orain dela urtebeteko lana hartuz gero, oso desberdina da gaur egungo batekin alderatuta, nik behintzat horrela ikusten dut. Estiloa beti doa eboluzionatzen, eta ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, prozesu luzea da.
Ilustrazioaren munduko erreferenterik izan al duzu?
Erreferentziak ere oso aldakorrak dira, eta momentuaren arabera erreferente bat edo beste izan dut. Hilabeteak pasa ditzaket ilustratzaile baten lanak kontsumitzen, eta handik gutxira, beste batenak. Nire erreferentziak edo erreferenteak oso aldakorrak izan dira.
Zure lanen erakusleihoa Instagram dela esan daiteke; izan ere, 36,5 mila jarraitzaile dituzu.
Ez dakit ondo zein momentutan igo zitzaizkidan jarraitzaileak hainbeste. Lehenengo publikazioa 2021eko abenduaren 17an egin nuen, eta orduan, 300 jarraitzaile inguru nituen. Denborarekin, 1.000 jarraitzaile inguru lortu nituen, eta behin, Instagrameko iragarki bat egin nuen, 20 euro ordaindu eta astebetez nire lan bat hortik bueltaka ibili zen. Bat batean, 10.000 pertsonek jarraitzen zuten nire kontua, zoramena izan zen. Gaur egun, 36,5 mila jarraitzaile ditut, eta azken denboran egonkortuta dago kontua.
Estiloa beti doa eboluzionatzen, eta ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, prozesu luzea da.
Sare sozialez gain, non aurkitu genitzake zure lanak?
Orokorrean, Instagram da nire lanak erakusteko erabiltzen dudan plataforma, baina Arteuparteren weborrian ere aurkitu daitezke. Horrez gain, azoka desberdinetan ere parte hartu izan dut, nahiz eta momentu honetan ez nabilen horretan.
Proiektu desberdinetan parte hartu duzu.
Iaz ardotegi batekin egin nuen lan, hilero lan bat egin behar izan nuen, eta horrek egonkortasuna eman dit, ez baita erraza sortzaileen munduan egonkortasun bat lortzea. Behin, Tinder Espainiarentzako ere egin nuen kanpaina bat, Harrotasun Egunerako, nahiko xelebrea izan zen hori. Orain, berriz, proiektu eder bat daukat eskuartean, ilusio berezia egiten didana.
Zein da proiektu hori?
Liburu bat ilustratzea. Nire ametsa da, eta ondo ateratzea nahiko nuke. Egia esan, gehien gustatzen zaidan mundua editorialena da, eta egunen batean, nire istorio propioaren ilustrazioak egin nahiko nituzke. Baina batek daki, ez da erraza.
Sortzaileen lana, orokorrean, ez da erraza. Ezta?
Ez da erraza eta oso ezegonkorra da. Jende asko dago ondo ilustratzen duena, eta hor lekua egitea zaila da. Nik adibidez, urte on bat igaro dut, baina batek jakin datorren urtea nolakoa izango den. Horrez gain, oso zaila egiten zait nire lanei prezio bat jartzea, nik margotzen dakit, baina ez lanei zifra bat jartzen. Gutxi ordaintzera ohituta gaude, eta ez da baloratzen esku lana edo trantsizio guztia.
Gehien gustatzen zaidan mundua editorialena da, eta liburu bat ilustratzea da nire ametsa.
Hasiberria den ilustratzaile bati zer gomendio emango zenioke?
Asko margotzeko esango nioke, hori da trikimailu bakarra, ez dauka besterik. Horrez gain, norbere lanak erakusteko beldurrik eta lotsarik ez izateko ere esango nioke. Normalena da beldurra eta lotsa sentitzea, nik ere sentitzen ditut oraindik, baina hori ez dadila gustuko duena egiten jarraitzeko oztopo izan.