'Aulesti: Denboraren sokak' dokumentala ikusteko bigarren aukera izango dute herritarrek
Urtarrilak 17an [barikua], 18:30ean, izango da proiekzioa, Aulestiko Udal Areto Nagusian.
Pasa den barikuan [urtarrilak 10] aurkeztu zuten Aulestin herriko Ondare Taldeak sortutako Aulesti: Denboraren sokak dokumentala, eta antolatzaileek adierazi dutenez, harrera “oso ona” izan zuen ikus entzunezkoak. “Jendearen balorazioa oso ona izan zen, oso positiboa”.
Jendearen harrera ikusita, datorren barikuan [urtarrilak 17] berriro proiektatuko dute dokumentala etorri ezin izan zenak ikusi ahal izateko: “Pasa den astean etorri ezin izan zen jendea gogoagaz gelditu da, beraz, beste aukera bat zabaldu nahi izan dugu”. 18:30ean izango dute hitzordua aulestiarrek, Udal Areto Nagusian. Aurreko barikuan egin bezala, oraingoan ere, formula berdina erabiliko dute: “Lehenengo dokumentala egitearen ideia nondik datorren azalduko dugu, aurkezpen txiki baten gisa, eta ondoren, sortutako dokumentala proiektatuko dugu”.
Bertan, Aulesti eta aulestiarrak izango dira protagonista, eta urte beteko ziklo bateko ondare ez materialagaz lotuta dauden ekintza desberdinei buruz arituko dira: “Herritarrak dokumentaleko ahotsa izanik, historian zehar eta gaur egun udazkenetik udazkenera Aulestin egin izan diren, edo egiten diren, ohitura eta ekintza desberdinak agertuko dira. Batzuk desagertu egin dira, eta beste batzuk, bizirik jarraitzen dute”.