'Bereizi eta irabazi' kanpaina ipini du martxan Lea-Artibai Mankomunitateak
Modu "jostagarri" batean hondakinen inguruan herritarren kontzientzia piztea da mankomunitatearen asmoa. Kultura Erain taldeko Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria arduratuko dira horretaz, umoretik.
Lea-Artibai Mankomunitatea “ilusioz eta gogotsu” dago aurretik duten erronka berriari heltzeko. Gaur [urtarrilak 14] aurkeztu dute martxan ipini berri duten Bereizi eta irabazi hondakinen bilketaren inguruko kanpaina. Kultura Erain taldearekin elkarlanean, herritarren kontzientziak piztu eta hondakinen bilketan norabide aldaketa egiteko asmoz ipini dute martxan kanpaina. Leire Markuerkiaga mankomunitateko presidenteagaz batera egon dira Kultura Erain taldeko Nerea Gartzia, Ainhoa Etxebarria eta Eneko Arrate ere; Gartzia eta Etxebarria izango dira, hain zuzen ere, kanpainari aurpegia ipiniko diotenak.
Markuerkiagak azaldu duenez, kanpainaren oinarria 2024an egin zuten hondakinen bilketa ereduaren azterketa da. Besteak beste, hondakinen kopuruak eta bilketaren kalitatea aztertu zituzten. Lehenengoari dagokionez, Europako helburuetan zehazten denez, errefusa kopurua %46 izan beharko litzateke, eta Lea-Artibain %56 errefusa da. Hala, “epe laburrean” hori aldatzeko lanari ekingo dioete kanpainagaz.
Bilketaren kalitateari dagokionez, ostera, “erronka nagusia” errefusarekin dagoela azaldu du Markuerkiagak: “Errefusean errefusa ez den hondakin dezente jasotzen da, eta hori da daukagun erronkarik handiena, horri buelta eman behar diogu”. Izan ere, errefusa erretzera bideratzen da mankomunitatearen aurrekontuaren “zati handi bat”, %60, hain zuzen ere: “Kontenedore grisean daukagu kalitate aldetik arazorik handiena, eta horrek ekonomikoki eragina dauka. Europatik datorren aginduak dio herritarron tasekin ordaindu beharko litzatekeela hondakinen kudeaketa osoa”. Halaber, tasa horien gorakada edo beherakada, herritarren birziklapen ohiturekin “guztiz” lotuta dago: “Lotura zuzena dauka batak bestearekin, eta herritarrei zabaldu nahi diegu mezu hori. Oso garrantzitsua da herritarrei honen inguruko kontzientzia piztea”.
Mezu harekin batera, beste mezu “asko” ditu mankomunitateak Lea-Artibaiko herritarren artean zabaltzeko. Eta, horretaz, Gartzia eta Etxebarria arduratuko dira: “Mankomunitatean mezu horiek zelan gizarteratu pentsatzen hasi ginenean ikusi genuen modu erakargarri, atsegin eta jostagarri batean nahi genituela zabaldu, ohiko bideetatik aldenduta”.
[BEREIZI ETA IRABAZI WEB ORRIA]
Hala, Kultura Erain taldeagaz batera eskualdeko herri eta ikastetxeetan kanpaina ezagutzeko aukera egongo da. Gartziak adierazi duenez, umoretik egingo dute lan: “Gu beti saiatzen gara umoretik eroaten gauzak. Ikusten dugu umoretik eroanda errazago heltzen garela jendearengana”. Hori horrela, hiru adarretan banatu dute Hauxera markie izeneko kanpaina: web orria, sare sozialak eta ikuskizunak.
Webguneari dagokionez, “edonork erraz erabiltzeko modukoa” nahi zutela azaldu du Etxebarriak: “Webgune sinplea da egin duguna, era intuitibo batean erabiltzeko modukoa”. bereizietairabazi.eus web orrian herritar guztientzat eskuragarri ipini dituzte kanpainaren inguruko zehaztapen guztiak, eta baita eskualdeko hondakin bilketaren datuak ere.
Instagramen, aldiz, @bereizirabazi kontuan ariko dira kanpaina aurrera eroaten: “Besteak beste, informazio praktikoa ere igoko dugu, umoretik, baina denok eduki ditzazkegun zalantzak argitzen”. Era berean, zalantzak, galderak eta bestelakoak ere erantzungo dituzte bertatik: “Harremana sortu nahi dugu herritarrekin. Kalean bideo bat grabatzen ikusten bagaituzue, etorri guregana!”.
Lea-Artibaiko zazpi herritan eta bederatzi ikastetxetan eskainiko dituzte ikuskizunak.
Ikuskizunak, nonahi. Kanpainaren hirugarren adarrean ikuskizunei helduko diete. Kultura Erain taldeko kideek azaldu dutenez, ikuskizunetan ere, ez da umorerik faltako: “Umoretik erakutsiko dugu batetik, herrietako kontenedoreak zelan ditugun, etxeetan zakarrontziak zelan ditugun eta zelan eduki beharko genituzkeen, edo behintzat, eztabaida sortzea dena hobetzerako bidean”.
Lea-Artibaiko zazpi herritan eta bederatzi ikastetxetan eskainiko dituzte ikuskizunak. Azaldu dutenez, denetarik egongo da ikuskizun horietan, erronkak eta opariak tarteko. Lehenengo ikastetxea Ispaster izango da: urtarrilaren 27an, 16:00etan, jasoko dute Hauxera markie kanpainako kideen bisita. Herrietan, ostera, Markina-Xemein izango da lehenengoa, martxoaren 18an; emanaldi dinamikoa izango da, herritarrekin batera eroango dutena aurrera. Data guztiak euren web orrian argitaratu dituzte.
Eredugarri. Umoretik, beraz, herritarren kontzientziak piztea da Bereizi eta irabazi kanpainaren helburua, ikastetxeko txikienetatik hasi eta herritar denengana heldu arte. Kanpainagaz, gainera, aitzindariak izatea ere lortu gura dute: “Gure helburuetako bat ere bada mankomunitatea aitzindaria izatea; Euskal Herri mailan, nahiz hortik kanpora. Eredugarria izatea eta gure marka uztea da helburuetako bat”.
Hari horri tiraka bururatu zitzaien kanpainarentzako izena ere. Hauxera markie-k bi zentzu ditu: batetik, ‘hau da marka’ esaera dago oinarrian, eta bestetik, herritarrei hausnartzera bultzatu nahi diete: “Hau da munduan utzi nahi dugun marka?”. Hala, kanpainarako sortu duten Bereizi pertsonaiagaz batera mezua ahalik eta urrunen zabaltzen saiatuko dira: “Ilusioz gaude hasteko, oso gustura egiten ari garenarekin, eta etorriko denarekin”.