Gaztagintza sektorea, berrikuntza eta lan aukerak izan dituzte hizpide Lea Artibai Ikastetxean
'Gaztagintza Euskal Herrian' jardunaldia ospatu dute Lea Artibai Ikastetxean.
Gaztagintzaren sektorean murgildu ziren joan den barikuan [urtarrilak 10] Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean. Gaztagintza Euskal Herrian jardunaldia eroan zuten aurrera, besteak beste, Derioko Nekazaritza Eskolako, Zabalburuko Bilboko Ikastetxeko eta Tartanga Erandioko lanbide heziketa ikastetxe integratuko ikasle eta irakasleekin batera. Hala, sektoreko tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen jarduera eroan zuten aurrera, prestakuntza, esperientzia praktikoa eta arrakasta profesionaleko kasuak ezagutuz.
Hala, jardunaldiagaz hasteko Lea Artibai Ikastetxeko elikagaien eraikineko instalazioak ezagutu zituzten, bisita gidatu batean. Ikastetxeko ordezkariek azaldu dutenez, bertan Prozesuak eta Kalitatea Elikagaien Industrian zikloa ematen dute; era berean, espazio hura Leartiker Zentro Teknologikoagaz partekatzen dute. Bisita gidatuagaz, etorkizuneko profesionalak zer ingurunetan trebatzen diren gertutik ezagutzeko aukera eduki zuten jardunaldira gonbidatutako ikasle eta irakasleek.
Bisitaren ostean, Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak gidatutako gazta-dastaketan parte hartzu zuten: “Esnekien ikerketan eta garapenean Euskal Herrian erreferentziazko zentroa da Esneki Zentroa. Lea Artibai Ikastetxeak eta Esneki Zentroak instalazioak eta ekipoak partekatzen dituzten euren jardunean, prestakuntza ziklo honen eta tokiko industria sarearen arteko loturak indartuz”.
Jardunaldiagaz amaitzeko, Prozesuak eta Kalitatea Elikagaien Industrian zikloko bi ikasle ohiren testigantza “baliotsuak” ezagutzeko aukera eduki zuten gonbidatuek. Alde batetik, Unai Agirre bergararrak bere esperientzia azaldu zuen; Leartiker Esneki Zentroan egiten du lan, ikerlari bezala. Bestalde, Haizea Egia markina-xemeindarrak ere, bere esperientzia elkarbanatu zuen; Egiak gastronomiaren esparrura eroan du bere jarduna, eta Eneko Atxa sukaldariaren jatetxean ari da lanean”.
Jardunaldiaren bidez, Lea Artibai Ikastetxeak elikagaien sektorerako etorkizuneko profesionalak prestatzeko duen konpromisoa berretsi du, “elikagaien industiaren egungo beharrekin lerrokatutakoa, inguruko industria-ehunarekin harreman estua duena eta lan aukera onak dituena”.