Otsailaren 2ra arte dago bertso barnetegirako izen ematea zabalik
Gautegiz-Arteagako Baratze Baserri Eskolan batuko dira otsailaren 21etik 23ra.
Gautegiz Arteagak bertso barnetegia hartuko aurten, 2022an hartu zuen azken aldiz. DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara arteko Bizkaiko bertsolari gazteak hartuko ditu Baratzea Baserri eskolak otsailaren 21etik 23ra.
Hain zuzen ere, izena emateko epea zabalik eta dago eta azken eguna otsailaren 2a da. “Helburu nagusiak bertsoagaz gozatzeko aukera izateaz gain, Bizkaiko bertso eskoletan dabiltzan gazteek elkar ezagutzea eta beraien arteko harreman sarea sendotzea izango dira aurten ere”, azaldu dute.
Horretarako, izen emate orria bete beharko da eta ordainketaren egiaztagiria atxiki beharko da. 64 euroko prezioa dauka eta familia ugariek %15eko deskontua izango dute. Edukiera mugatua izango da eta parte hartzaileen zerrenda osatzeko izen-ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka eta generoa hartuko dituztela kontuan esan dute. Edozein zalantza izatekotan, bertso irakasleari galdetu edo bulegora deitzea gomendatu dute: 94-681 27 11.
Otsailaren 21etik 23ra bitartean izango da barnetegia, barikutik domekara. Barikuan 17:30ean hasiko dute egonaldia, eta domekan, 12:00etan amaitu. Barnetegira eraman beharrekoak gogoratu nahi izan dituzte: Osakidetzaren txartela, lo zakua, oinetako erosoak mendirako, kirolerako arropa eta etxeko zapatilak.