Ube artistak '20 eskultore' erakustaldian parte hartu du
Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoak '20 eskultore' izeneko erakusketa hartu du, otsailaren 21era arte doan ikusgai egongo da. Hogei parte hartzaileen artean Jose Angel Uberuaga 'Ube' munitibartarra dago.
Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak dagoeneko hartu du 2025.urteko lehendabiziko erakusketa: Euskuahaladunak Eskultoreen Elkarteak 20 eskultore izeneko erakusketa abiatu du. Izenak berak adierazi legez, hogei parte hartzailek ondu dute eskultura ardatz nagusi duen erakusketa, tartean, Jose Angel Uberuaga Ube sortzaileak.
Munitibartarraz gain, ondorengoek parte hartu dute: Michel Ruiz, Susan Bart, Fito Cuevas, Barbara Camhi, Perier, Amaia Conde, Rafa Cantera, Ana Herranz, Joseba Galarza, Miriemi Otaola, Eskerri, Olatz Pereda, Porri, Amaia Sanz de Magarola, Javier Villarroel, Leire Sainz de Aja, Iñaki Olabarri, Dora Salazar eta Elena Solatxik. Erakusketa otsailaren 21era arte ikusgai egongo dela aurreratu dute antolatzaileek, bisitarientzako doako sarreragaz. Astelehenetik barikura bitartean bisitatzeko aukera edukiko dute interesdunek, 08:00retatik 20:00rak bitarteko ordutegian.
Ana Otadui: “Eskulturak leku berezia eta nagusia eduki dau herri honetan”
Arte erakusketaren aurkezpen agerraldi ofiziala iragan barikuan [urtarrilak 10] egin zuten, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan, eta zerrendaturiko sortzaile talde horren ordezkaritza oparoa egon zen aurkezpen saio hartan. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko ordezkariak, Ana Otadui Biterik, azpimarratu zuen erakusketak, hura osatzen duten sorkuntza lan “bikainen” bidez, “euskal eskulturaren ikuspegi osoa” transmititzea bilatzen duela: “Eskulturak leku berezia eta nagusia eduki dau herri honetan eta, alde horretatik, Bizkaiko Batzar Nagusientzat oso harro egoteko modukoa da denetariko forma, material, estilo eta teknikak erakusten dituzten sorkuntza lan hain desberdinak eta horiek sortu dituzten egileak elkartzea”.
Ikuspegi gaurkotuaren bila.
Euskuahaldunak Eskutoreen Elkarteak Euskal Herri osoko 145 eskultore biltzen ditu. 20 eskultore erakusketak, hain zuzen ere, multzo handi horren partaide diren “hamarna gizonezko eta emakumezkoren sormena” jasotzen du: “Euskal eskulturaren ahalik eta ikusmolderik eguneratuena eta gaurkotuena bistaratzea du jomuga”. Azaldu dutenaren arabera, parte hartu duten egileak Oteiza, Barrenetxea, Ibarrola, Mendiburu edota Larrena erreferentzia izan dituen euskal eskultoreen “harrobiaren lagina” dira.
Guillermo Olmo: “Bertoko eskulturaz gozatzeko bestelako aukera bat eskaintzen du erakusketak”
Halaber, aurkezpen agerraldian egon zen elkartearen presidentea, Guillermo Olmo. Hark nabarmendu zuen eskultura elkarteak, iragan abenduan, Bilboko Sociedad Bilbainan beste erakusketa bat ikusgai eduki zuela; jarraian, euskal eskulturaren egungo panorama errepresentatzen duten 80 artista ezagunen 150 artelanez gozatzeko aukera egon zen, iragan Durangoko Azokan.
Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketari dagokionez, Olmok adierazi zuen bere nortasuna “azpimarragarria eta osoa” dela: “Bertoko eskulturaz gozatzeko bestelako aukera bat eskaintzen du; zeramikaz, burdinaz, egurraz edota teknika mistoaz egindako piezak dauzka”.
Uberi buruzkoak.
Uberuagaren ibilbide artistikoa luzea besteko polemikoa izan da, hamarkadaz hamarkada. Bere estilo pertsonalak estreinakoz hartu zuen noranzkoak, besteak beste, Eduardo Chillidak edota Jorge Oteizak irudikatzen duten euskal eskultura garaikidearen eragin argi eta garbia zuen. Hori bai, bestelako itsaso artistikoetan ere murgildutakoa da munitibartar sortzailea: errepresentazioen ikuspuntu kontzeptualak jorratu izan ditu, baita diskurtso oldarkorragoa edota erradikalagoa baliatu ere. Batik bat, argazkilaritza, instalazioa edota performance-a baliatu izan ditu, aldarrikapen soziala adierazpide artistikoaren bitartez zabaltzeko.