Berrituta dator Sorginzulo gaztelekua
Irailetik oinarriak berraztertu eta lantzen aritu dira; bihar [urtarrilak 17] irekiko dituzte berriro ere gaztelekuko ateak, arratsalde guztiko egitarauagaz. Era berean, MAXEk hitzarmena berritu du Markina-Xemeingo Udalagaz.
Markina-Xemeingo Sorginzulo gaztelekuak joan den irailean iragarri zuen etenaldiak badu amaiera data. Bihar [urtarrilak 17] zabalduko dute berriro ere herriko gaztetxoentzako babeslekua izango den txokoa. Arduradunek adierazi dute “gogotsu eta indarrez” daudela aldi berriagaz hasteko.
Berrituta dator gaztelekua, oinarri berriak finkatuta. Azaldu dutenez, joan den irailetik herriko gazteekin elkarlanean aritu dira, “analisi berri eta gaurkotua” egiten: “Ez da etenaldi antzua eta hila izan, baizik eta oinarriak berraztertu eta lantzeko etenaldi aktiboa. Etenaldia iragartzearekin batera hasi ginen lanean, eta Markina-Xemeingo gaztelekua berrabiarazteko prozesu bati ekin genion”.
Helburu argi baten atzetik lan egin dute, “izaera berri” bat emateko asmoz: “Gaztelekua gazteen ideia, behar, kezka, interes eta gustuei erantzungo dien gune seguru bihurtu nahi izan dugu”. Horretarako, Gabonetatik gaztelekuko erabiltzaile izango diren nerabeekin saio parte hartzaileak egin dituzte.
Oinarriak sendo finkatuta, beraz, hilabeetan egindako lanaren erakusgarri izango da biharko irekiera: “Aurrerantzean, astebururo, nerabeek errespetu, tolerantzia, tratu on eta bizikidetzan oinarritutako aisialdi eskaintza zabala izan dezaten lan egingo dugu denok batera. Horretarako, hainbat ekintza antolatuko ditugu: hitzaldiak, dinamikak, txapelketak, ekintza bereziak…”.
Gaineratu dutenez, Markina-Xemeingo Udalaren babesagaz eroango dute dena aurrera. Izan ere, Sorginzulo gaztelekuaren proiektua bermatu ahal izateko dirulaguntza hitzarmena berritu dute MAXEk eta udalak.
Hori horrela, gaztelekua zabalik egongo da orain arteko ordutegi berdinagaz: barikuetan 17:00etatik 22:00etara, zapatuetan 16:00etatik 22:00etara eta domeketan 16:00etatik 21:00etara.
Egitaraua.
- Bihar, urtarrilak 17.
- 17:00. Hormak margotu.
- 19:00. Balore zein arauen aurkezpena.
- Ostean. Merendola eta karaokea.