Gozatzeko eta berotzeko jaiak
San Anton jaiak ospatzen ari dira asteburu honetan, Barinagan. Eguerdian, Julen Garaiburu eta Mayi Mujika gipuzkoarrek irabazi dute V. Kalamua-Barinaga jaitsiera. Ondoren, artzain txakur erakustaldia eskaini dute.
San Anton egunez, atzo hasi zituzten San Anton jaiak, Barinagan, eta gaur eguerdian [urtarrilak 18] V. Kalamua-Barinaga jaitsiera lehiatu, eta artzain txakur erakustaldiagaz gozatu dute bertan bildutakoek.
Lau urteko etenaldiaren ostean, Kalamua-Barinaga jaitsiera berreskuratzea erabaki dute aurten Barinagako Jai Batzordeko kideek, eta 35 korrikalarik lehiatu dute lasterketa. Julen Garaiburu eta Mayi Mujika gipuzkoarrek jantzi dituzte txapelak.
Korrikalariek 12:00etan ekin diote jaitsierari, erlojupeko eran. 11 minutu eta 27 sedundotan helmugaratu da Garaiburu. Berastegiarraren atzetik Pello Gerrikaetxebarria sailkatu da bigarren, 11 minutu eta 48 segundoko denboragaz, eta Mikel Arriolak osatu du gizonezkoen podiuma, 11 minutu eta 50 segundoko denboragaz.
Mujikak laugarrenez irabazi du proba; lau aldiz parte hartu, eta lauretan nagusitu da Elgoibarren bizi den legazpiarra. 14 minutu eta 24 segundo behar izan ditu helmugara ailegatzeko. Podiuma etxekoek osatu dute: Nahia Ibarzabal sailkatu da bigarren (16,20) eta Bidane Baskaran hirugarren (16,54).
Mujikak aitortu duenez, proba berezia da Barinagakoa: “Lasterketa hau asko gustatzen zait, eta gaur, bereziki, giro ona egon da. Orkatila bihurritu dut, eta erdialdetik aurrera, minez jaitsi naiz, baina sekulako giroa egon da, eta ederki egon da”. Garaiburuk, berriz, lehenengoz parte hartu du Kalamua-Barinaga jaitsieran, eta esperientzia “oso polita” izan dela nabarmendu du: “Mendian eta korrika ibiltzen naiz, baina halako jaitsiera baten parte hartu dudan lehen aldia izan da, eta gustura ibili naiz”.
Barinagako Ariane Sololuzek eta Terese Solozabalek ere lehenengoz parte hartu dute etxeko proba kuttunean. 18 eta 14 urte dituzte, hurrenez hurren, esperientzia “polita” izan da eurentzat, eta aldi berean, “gogorra”. Hasi aurretik “urduri” egon direla aitortu dute. “Normalean ez dugu halako lasterketetan parte hartzen, baina auzokoa denez, animatu egin gara. Egun batzuetan entrenatu gara, baina uste dut urduritasunaren ondorioz, zailagoa izan dela. Entrenamenduetan lasaiago ibili ginen”, adierazi du Sololuzek. Datorren urtean ere egingo dutela ziurtatu dute.
Barinagako bost bizilagunek parte hartu dute, lau emakumezkok eta gizonezko batek, eta horien artean egon da hirugarren sailkatu den Baskaran.
Korrikalariak ez dira esku hutsik joan; izan ere, denek jaso dute probaren kamiseta, eta jaitsiera amaituta, kopauan elkartu dira. Horrez gain, zenbait opari zozkatu dituzte.
Jaitsieraren sariak banatu ostean, Artzain txakur erakustaldian bildu dira. San Anton jaietako berrikuntzetako bat izan da, lehenengoz antolatu baitute. Barinagako Igor Elordi Lagun txakurragaz, Lekeitioko Ipar Txo txakurragaz, Zeanuriko Jon Olibares Urdin txakurragaz eta Dimako Mikel Etxebarria Kai txakurragaz aritu dira. Erakustaldia hiru zati edo probatan banatu dute, eta ikuskizun ederra eskaini dute. Etxekoek hasi dute erakustaldia, eta lan txukuna egin dute Elordik eta Lagunek. Saioaren lehenengo bi probak bakarka egin dituzte, eta hirugarrena, ostera, bikoteka; Lea-Artibaikoak batetik, eta Arratiakoak, bestetik. Arratiarrak izan dira azkarrenak, hiru minutu eta erdian burutu baitute, eskualdekoek, berriz, justu bost minututan amaitu dute, gehienezko denbora agortzear zela.
Zapatu bete-betea. Adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatu du Barinagako Jai Batzordeak, eta, esate baterako, arratsaldean hiru txirloko neguko finala lehiatu ostean, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egañaren bertsoek girotuko dute afalordua. Ondoren, musikarik ez dute faltako, Laja II eta Lutxurdioren txanda izango baita.
Bihar, berriz, Zopa antzezlana eskainiko dute, 18:00etatik aurrera. Horren ostean, agurtuko dituzte jaiak, errifen zozketagaz.