100 gaztek parte hartu dute Sorginzulo gaztelekuaren irekieran
Markina-Xemeingo gazteek "motibatuta eta ilusioz" hasi dute Sorginzulo gaztelekuaren aldi berria.
Sorginzulo gaztelekuari “izaera berria” emateko asmoz lanean aritu dira gaztelekuko arduradunak irailetik, eta joan den barikuan [urtarrilak 17] egin zuten irekiera ekitaldia. Adierazi dutenez, 100 gazte inguru elkartu ziren ekitaldian, “motibatuta eta ilusioz”: “Arratsaldeko egitarau guztian parte hartzaile aritu ziren, eta gaztelekuaren izaera berreskuratzeko hazia landatu genuen”.
Era berean, azken urteetan hartu duen “lokal izaerarekin amaitzeko” gazteleku berrituaren arau eta funtzionamenduak azaldu zituzten arduradunek: “Astebururo denetariko ekintzak egingo ditugu parte hartzea bultzatzeko eta gazteek gaztelekuarekiko atxikimendua lortzeko”. Hori horrela, gazteen nahiak kontuan hartzeko, hilero-hilero gazteekin hurrengo hilabeteko egutegia egingo dute.