Lekeitio Lagunkoiak 'Her' filmaren emanaldia eskainiko du
Kultur etxeko Azkue aretoan eskainiko dute filma, eguaztenean [urtarrilak 22], 18:00etan.
Lekeitio Lagunkoia taldeak eguaztenean [urtarrilak 22] ipini du hurrengo hitzordua. 18:00etan elkartuko dira kultur etxeko Azkue aretoan Her pelikula ikusteko. Interesa duten herritar denei bertaratzeko deia luzatu diete: “Ekimen hau publiko guztientzako egokia da. Gaur egun bakardadeak sortzen duen arazo larriari aurre egiteko modu bat da”. Emanaldiaren amaieran solasaldia egiteko aukera egongo da. Era berean, Lagunkoi taldeak jakinarazi du film gehiagoren emanaldia eskaintzeko asmoa dutela, lehenengo saio horrek arrakasta baldin badu.
Elkartrukea. Bestalde, barikuan [urtarrilak 17] Elorriora egin zuten irteera Lagunkoiako kideek, Bizkaiko talde motorragaz batera. 2023ko abenduan Elorrioko Lagunkoia taldeko partaideak egon ziren Lekeition, eta oraingoan, lekeitiarrak Elorriora joateko txanda izan da: “Bertako Lagunkoi taldekoekin batu eta gure esperientziak elkarbanatu ditugu. Elkar ezagutzeko tartea ere hartu dugu, eta baita proiektuak elkarbanatzeko ere. Goiz ederra pasa dugu”. Hala, “hainbat ideia berri” hartuta eta ideia horiek Lekeition martxan ipintzeko asmoagaz itzuli ziren Lekeitiora.