Birziklapenaren inguruko hitzaldia egongo da eguenean Mendexan
Etzi [urtarrilak 23] egongo da hitzaldia, 17:00etan, udaletxeko ganbaran.
Goialde Jubilatuen Elkarteak antolatuta birziklapenaren inguruko hitzaldia egongo da Mendexan, Gorka Egia udal aholkulariaren eskutik. Eguenean [urtarrilak 23] izango da solasaldia, 17:00etan, udaletxeko ganbaran. Birziklapenaren inguruko informazioa emateaz gain, zalantzak argitzeko tartea ere egongo da.
Azken hilabeteetan hondakinen inguruko lanketagaz dabiltza mendexarrak, izan ere, urtarrilean zehar ere, hondakinen tasaren inguruko hitzaldia antolatu zuten, urte barriagaz batera aldatu denez, herritarrei informazioa emateko. Helburua ahalik eta errefusa gutxien sortzea denez, hondakinak “ondo” bereizita botatzea saritu egingo dela adierazi dute. “Gainera, Europako legediak derrigortu egingo du herritarrek ordaintzea hondakinen tratamenduaren kostua osorik, eta udalek ezingo dute orain arte bezala parte bat ordaindu”. Izan ere, hondakinen tratamenduaren gaineko bi lege aldatu direla adierazi dute, eta arau berriak betetzeko neurriak hartu ditu Lea-Ibarreko udal Mankomunazgoak: “Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak bost herrientzako hondakinen gaineko ordenantza berria prestatu du, eta urte barriagaz batera sartu da indarrean”.
Europako legediaren arabera 2030erako hondakinen %65 gaika ondo banatuta jaso beharko da: “Araua jarraituta, gainera, hurrengo urteetan kopuru hori igotzen jarraituko dute. Helburua, ahalik eta hondakin gutxien sortzea da, eta sortzen diren hondakinetatik, ahal den guztia birziklatzea”. Lea Ibarreko datuei erreparatuz, gaur gaurkoz, birziklatzeko banatuta jasotzen den hondakin kopurua %50 da. Hala ere, Mendexako Udalak adierazi duenez, herria hortik behera dabil: “Hondakin gehiegi botatzen dugu ontzi grisera; hau da, errefusera”.
Beraz, birziklatzearen eta hondakinak gaika banatzearen inguruan arituko dira etzi Jon Egiak dinamizatuko duen hitzaldian, eta etorkizun hurbilari begira, aldatu edo hobetu beharreko praktikez ere hitz egingo du.