Hastear dago Beteranoen XIX. Trinkete Txapelketa
Domekan [urtarrilak 26] jokatuko dituzte lehenengo bi partidak, 10:00etatik aurrera.
Egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteak urtero antolatzen duen eskuz binakako Beteranoen XIX. Trinketeko Txapelketari ekiteko. Domekan [urtarrilak 26] emango diete hasiera txapelketari, aurtengoan, bost bikotegaz.
Partidak urtarrilaren 26an hasiko diren arren, partaideek jada egin dute pilota aukeraketa. Antolatzaileek adierazi dute aurtengo bost bikoteetatik hiru direla 40 urtetik gorakoak: “Beste bi bikoteak Akarregi taldeko gazteak dira. Txapelketa aurrera ateratzeko horrela egin behar izan dugu, baina polita izango da 16 urteko eta 60 urtetik gorako pilotariak elkarren aurka ikustea”.
Hori horrela, domekan [urtarrilak 26] 10:00etan ekingo diete txapelketari, Lander-Foster eta Mendez-Ibon bikoteen partidagaz. Ostean, 11:00etan, Rober eta Egaña neurtuko dira Izeitxoren eta Martxelen aurka; bosgarren bikoteari, Jaunarena-Latxi, deskantsua tokatzen zaio. Pilotak, nola ez, “nagusiei egokitutakoak” izango dira. Gaineratu dute, “partida politak eta orekatuak” ikusteko aukera egongo dela.
Antolatzaileek gogorarazi dute Euskal Herrian egiten den mota honetako txapelketa bakarra dela Lekeitiokoa: “Parte hartzeko 40 urtetik gora eduki behar dira. Aurten, baina, gutxieneko jokalari kopurura heltzeko, pilotari gazteak nahastean sartzea onartu dugu, horrela txapelketa aurrera atera ahal izateko”.
Helburuak, baina, berdina izaten jarraitzen du: “Helburu nagusia partaideek gozatzea da, eta horrela nagusiek kirola hau egiten jarraitzeko aukera edukitzea”. Era berean, arauak ere mantendu egingo dituzte.