Iazko erregeak, aurtengo tronuan jesartzeko prest
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak 2 eta 0 menperatu dituzte Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal Eusko Label Winter Seriesen, eta finalera sailkapena eskuratu dute. Hurrengo astelehenean [urtarrilak 27], atzoko galtzaileek Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidor izango dituzte arerio.
Hautagai nagusiak finalean dira. Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea otsailaren 16ko Eusko Label Winter Seriesko agertoki handian ariko dira, baina oraindik ez dakite nortzuk iango dituzten arerio. Atzo [urtarrila 20] Eñaut Urreistiren eta Gorka Sorozabalen aurka gailenduta lortu zuten txapelketaren azken txanparako txartela. Bikote gaztea bezperan ailegatu zen Daniatik Euskal Herrira eta, nekeari aurre eginez, partidu aparta jokatu zuen. Aparta izateak, baina, ez zien ezer ziurtatu, maila hain handiko aurkarien kontra. Faboritoek 2 eta 0 irabazi zuten norgehiagoka, beste astelehen batez Jai Alai lepo bete zuten jarraitzaileen aurrean.
Lehen unetik, goi mailako partidua jokatu zuten lau puntistek: erritmo handiko jokoa nabarmendu zen, baita denetariko erremateak ere. Bikote batek tanto bat egin ahala, beste hainbesterekin erantzuten zion beste bikoteak. Seiko koadrotik ezustean gozo-gozo utzi zuen pilota txokoan Urreistik, 2 eta 2koa ezarriz; saihetsez horma bikoa eginez eman zion jarraipena erakustaldiari, hurrengo jokaldian, hirunakoan. Erkiagak, dena dela, bere maila plazaratu zuen ondoren: saihetsez (3 eta 4), horma bitara (3 eta 5) edota errebotera (3 eta 6). Gazteen bikote laranjak seira zein zortzira berdintzea lortu zuten. Jokaldiz jokaldi, Urreisti eta Sorozabal ez zien kantxan kamustu; hain zuzen ere, 13 eta 11 edota 14 eta 12 aurretik joateta iritsi ziren, lehendabiziko setean.
14 eta 13koa, hain zuzen, partiduko tantorik arraroena izan zen: Erkiagak errebote indartsua jaurti zuen, baina pilotak frontisaren ertz batean jo zuen, eta bat-batean gorantz atera zen; jokaldiak zeharo lekuz kanpo harrapatu zituen mutrikuarra eta miarriztarra. Osteko jokaldian, Urreistik txapapera bota zuen pilota, Erkiagaren sakeari gehiegizko ausardiaz erantzunda. Hamaulauna berdinduta, gazteek kale edo bale egin zuten lehen setaren hondarrean, baina hautagaiek beren kalitatea plazaratu zuten. 14 eta 15 galtzea kolpe latza izan zen gazteentzat, bigarren setean isla izan zuena.
Bigarren setaren bosgarren tantoaren ondoren, Erkiagak eta Ibarluzeak aukerarik gabe utzi zituzten Urreisti eta Sorozabal
Izan ere, lehenengo tantoetan bazirudien Urreistiren eta Sorozabalen bilakaera oraindik goranzkoa zela, eta markagailua haren erakusle: 4 eta 1 hartu zuten aurrea. Bosteko berdinketaren ondoren, baina, ametsak alde egin zien. Han-hemen tanto ikusgarriak egonagatik ere, ispastertarra eta markina-xemeindarra koxka bat gorago aritu ziren bai maila aldetik, bai konfiantzari zegokionez. Aipagarria izan zen Ibarluzeak atzealdean erakutsitako dominantzia: iaz indartsu baldin bazegoen, aurten itxura are hobea bistaratzen ari da. Urtebeteko tartean, kalitate jauzi esanguratsua egin du atzelariak eta, egun, puntistarik fidagarrienaren pare dago. Bosgarren tantotik aurrera, jaun eta jabe izan zen bikote larrosa: 8 eta 15 gailendu ziren Erkiaga eta Ibarluzea.
Aritz Erkiaga: “Lehen setetik gauzak alde izateak konfiantza eman digu; kirol honek asko du burutik, eta gure alde baliatu dugu hori”
Jokatzeko falta dena.
Lehen finalistak zeintzuk diren jakinda, orain bigarren bikotea zein izango den ezagutzea tokatzen da. Hurrengo astelehenean [urtarrilak 27], neurketa erabakigarria hartuko du zesta-puntaren katedralak. Urreistik eta Sorozabalek Ludovic Ladutxe getariarra eta Mikel Mantzisidor mutrikuarra izango dituzte aurkari. Gainera, Thomas Urrutia donibanegaraztarrak eta Thibault Basque bidartarrak ere aukerak dituzte oraindik. Alde horretatik, datorren asteko norgehiagokak zalantza asko argitu ditzake. Partidu horren ostean, ondorengo biak geratuko lirateke: batetik, Erkiagak eta Ibarluzeak Ladutxeren eta Mantzisidorren kontra jokatu beharko dutena; bestetik, Urreistik eta Sorozabalek Urrutiaren eta Basqueren aurka jokatzeko daukatena.
Ion Ibarluzea: “Material biziarekin, Gorkak errebeskadaz zabaletara botatzea bilatu dugu, gero Aritzek errematea egin ahal izateko; ederto asmatu dugu erabaki horrekin”
Partidua amaitu berritan, lehen finalistek azken partidura sailkatzea “ametsa” dela adierazi dute. Hamazazpi tanto egin ostean, ispastertarrak “haizea alde” eduki zutela azaldu zuen: “Lehen setetik gauzak alde izateak konfiantza eman digu; kirol honek asko du burutik, eta gure alde baliatu dugu hori”. Ibarluzeak, ostera, bigarren setean pilota bizia hautatzearen garrantzia nabarmendu zuen: “Material biziarekin, Gorkak errebeskadaz zabaletara botatzea bilatu dugu, gero Aritzek errematea egin ahal izateko; ederto asmatu dugu erabaki horrekin”. Finalerako sailkapena patrikan eduki arren, Erkiagak argitu zuen finalaurreko ligaxkaren azken partidua irabazteko asmoz daudela: “Guri ez zaigu partidu bakarra galtzea gustatzen eta, horrenbestez, azkenengo ligaxka partiduan dena ematera eta irabazteko helburuz kantxaratuko gara”.
Aipagarria izan zen, bestalde, Gernika-Lumoko zesta-punta eskolako umeek eman ziotela irekiera asteleheneko gaualdiari. Hain zuzen, jardunaldiz jardunaldi Eusko Herriaren luze-zabaleko eskoletako haurrek zabaltzen dute lehiaketa; atzokoan, etxeko harrobiaren harribitxien txanda izan zen, beren kantxan, Jai Alain. Bestalde, Eraman Jai Alaiko antolatzaileek aurreratu dute final handirako sarrera denak agortu direla. Hortaz, ia 2.000 lagunen aurrean jokatuko dute aurtengo finala ere.