Proposamen anitzekin dator Lekeitioko irakurle talde feminista
Bigarrenez antolatu dute irakurle talde feminista Lekeition, eta zabalik dago izen ematea. Otsailaren 25ean egingo dute lehenengo saioa, Danele Sarriugarte idazleagaz.
Iazko ikasturtean antolatu zuten lehenengoz irakurle talde feminista Lekeition, eta izan zuen “izugarrizko arrakastari” esker, bigarrenez antolatu dituzte irakurketa saioak. Aurtengoan, otsailaren 25ean hasi eta ekainaren 17an amaituko dute, tartean bost egileren liburuak irakurrita.
Iaz, lehenengo saiotik, “emakume pila bat” animatu ziren irakurle taldean parte hartzera: “Saio guztietan parte hartzea handia izan zen, 30etik gora ere bai, zenbait kasutan”. Horren dinamikoa eta parte hartzea izatea zailtzen badu ere, saio “oso-oso parte hartzaileak” izan zirela adierazi du Ane Labaka Mayoz iazko dinamizatzaileak.
Aurten antzeko bidetik joko dutela azaldu du Labakak, bera izango baita bigarren aldi horretako dinamizatzailea ere: “Dinamizatzaile bezala nire helburua da begirada feministatik zeresana eman dezakeen liburuak proposatzea, bakoitzak bere etxean irakurri, eta gero elkarrekin partekatzeko”.
Hala, aurtengo saioei dagokienez, bost izango dira; ahalik eta “proposamen anitzenak” izan daitezen saiatu da Labaka. “Uste dut oso proposamen interesgarriak direla denak, eta emango digutela zer hausnartua, zer eztabaidatua eta zer hitzegina”, adierazi du. Gainera, bost saioetako hirutan idazlea ere bertan izango da: “Niretzat irakurle taldeek beti gehitzen diote beste dimentsio bat irakurketari, beste pertsona batzuekin partekatu dezakezulako zuk bakarka irakurritako hori. Dimentsio hori are eta interesgarriagoa bihurtzen da, hain zuzen, idazlearekin batera horri buruz hitzegitean. Azkenean, idazlearen asmoak, tripak… denak agerian geratzen direlako, eta uste dut oso interesgarria eta aberasgarria izan daitekeela”.
Lehenengo saioa, Danele Sarriugarte idazleagaz hasiko dute: “Bere Erraiak nobela landuko dugu. Atera zen momentuan zeresan handia eman zuen nobela da, eta horrei helduko diogu”. Bigarrenean, ostera, Annie Ernauxen bi nobela labur irakurriko dituzte, Pasio hutsa eta Gertakizuna; maitasun obsesioari buruz eta abortuari buruzko nobelak dira. Hirugarrenean, June Fernandez idazlea joango da Lekeitiora: Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak saiakera liburua landuko dute. Laugarren saioan, komiki bati helduko diete: Persepolis. “2000. hamarkadan argitaratu zen, eta berriki Irene Arraratsek euskaratu du. Irango emakume baten autobiografia izan daitekeena da”. Azken saioan Mari Luz Esteban idazlea izango da bertan: “Andrezaharraren manifestua-ri buruz arituko gara berarekin, besteak beste, emakumetasunaz, zahartzaroaz eta emakume zaharrez.”.
Saio guztiak 18:30etik 20:00etara izango dira, Lekeitioko Andraetxean. Izena eman behar da (dohainik) lekeitioberdintasuna@gmail.com helbidera idatziz edo kultur etxera joanda.
Ikasturteko saioak.
- Otsailak 25. Erraiak, Danele Sarriugarte idazleagaz. Nobela.
- Martxoak 18. Pasio hutsa eta Gertakizuna (Annie Ernaux). Nobela laburrak.
- Apirilak 8. Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak, June Fernandez idazleagaz. Saiakera.
- Maiatzak 20. Persepolis, Marjane Satrapi (Irene Arraratsek euskaratua). Komikia.
- Ekainak 17. Andrezaharraren manifestua, Mari Luz Esteban idazleagaz. Poesia.