Uma Ulaziak bere liburua aurkeztuko du Mutrikun, eguaztenean
Eguaztenean [urtarrilak 22] izango da aurkezpena, 18:00etan, Zabiel Kultur Etxean.
Euskal Herriko Greba Feministak. Diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik. liburua aurkeztu berri du Uma Ulazia Zubeldia politologo eta militante transfeministak. Donostiako Kaxilda liburu dendan aurkeztu zuen urrian, eta Euskal Herriko txoko desberdinetan ibili ondoren, bihar [eguaztena] bere sorterrian aurkeztuko du, Mutrikun. 18:00etan izango da hitzordua, Zabiel Kultur Etxean.
Euskal Herriko Greba Feministak aztertu ditu Ulaziak Lisipe bildumako hamabosgarren saiakera honetan, hauen norabidea zehazteko ibilitako dosierren analisia eginez, eta sexua, zaintza eta estatua hizpide izanik. Feminismo idealista eta materialista aurrez aurre jartzen ditu idazleak, eta berak, feminismo materialistatik planteatzen du bidea: “Feminismo materialistak emakumeak eta gizonak klase sozial gisa definitzen ditu. Emakume eta gizonen arteko desberdintasuna sortu egiten dela dio, eta ez jaio. Materialismotik, diferentzia hori naturala ez dela diogu, eta politizatu egin behar dela, emakumeei naturalki inposatu digutena desblokeatzeko, eta borroka eremu bihurtzeko”.
Beraz, patriarkatua ulertzeko bi modu desberdinez, estatuaren eta politika publikoen paperaz, eta 2019ko eta 2023ko greben inpaktuaz arituko da Uma Ulazia Zubeldia bihar Zabiel Kultur Etxean emango duen solasaldian.