Zapatuan izango da VI. Naberan herri krosa, Ondarroan
Izena emateko aukera zabalik egongo da barikura [urtarrilak 24] arte. Aurten, gainera, zenbait berritasunekin dator VI. Naberan herri krosa.
Zapatuan [urtarrilak 25] egingo da Ondarroako Jose Mari Naberanen omenezko herri krosa, Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta, eta izena ematea zabalik dago barikuko [urtarrilak 24] gaueko 12:00ak arte.
Izaera herrikoia eta “inklusiboa” duen lasterketa da honakoa, izan ere, kirola bultzatzea helburu izanik, herri krosean apuntatzeko deia egin dute antolatzaileek: “Lehiakortasuna ez da lan ildoa. Ume, gazte zein nagusientzako lasterketa da, kirola sustatu eta giro onean parte hartzeko”. Jose Mari Naberan izan zen ikastolan kirola sustatu zuena, eta berari omenaldia egiteko sortu zuten Naberan herri krosa. Seigarrena da aurtengoa, izan ere, lehenbizikoa, ikastolaren 50. urteurrenagaz antolatu zen.
Gainera, aurten, berritasunekin dator krosa; esaterako, Alde Zaharrean hasi eta amaituko da, aurreko urteetan ez bezala. Horrez gain, antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, lasterketa handian bi aukera egongo dira: “Guztira hiru lasterketa mota egongo dira: txikia, ertaina eta handia. Handian, bi lasterketa egongo dira, 10 kilometrokoa eta 5 kilometrokoa”. Lasterketa handiari dagokionean, adin txikikoak gurasoen baimenagaz joan beharko dira. 10 kilometroko ibilbidea 15 urtetik gorakoei bideratuta egongo da, eta 5 kilometrokoa 12 urtetik gorakoei. Dortsalak egunean bertan hartu beharko dira, 15:30etik 16:15era bitartean, eta lasterketa 16:30ean hasiko da. Kirolprobak webgunean eman beharko da izena, etaa lasterketa luzeena egiten dutenek 13 euro ordaindu beharko dute, eta 5 kilometrokora doazenek 10 euro. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute, Ondarroa Arraun Elkartearen egoitzan.
Ibilbide ertaina 600 metrokoa izango da, eta 17:45ean emango diote hasiera. Ondoren, ibilbide txikia egingo duten korrikalari txikienen txanda izango da. Honek, 150 metro ditu, eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailara arteko umeei bideratuta dago; Koxkorratik hasi eta Zubi Zaharrera arteko ibilbidea izango da. Turismo Bulegoaren alboan jarriko den postuan eman beharko da izena, bi euroren truke, 16:30ean.
Berritasunekin jarraituz, antolatzaileek adierazi dutenez, izena eman duten parte hartzaile guztien artean zozketak egingo dira, krosaren laguntzaileek honetarako bideratu dituzten produktuekin. Urtero legez, omendua ere egongo da, eta aurtengoa, Ondarroako Arraun Elkartea izango da.