"Gerraren aurkako posizio irmoa erakutsi behar dugu"
"Mezu erreakzionarioak" bultzatuz eta hedatuz, Europan garatzen ari den "faxismo berri baten gorakadaren" aurrean, mobilizatzearen garrantzia azpimarratu dute Gazte Koordinadora Sozialistako kideek.
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Gazte Koordinadora Sozialistatik zapatuan gerraren eta faxismoaren gorakadaren aurka mobilizatzeko deia zabaldu dute. Araiz Arruti eta Nerea Gandiagak gogoratu bezala, zenbait udalerritan autobusak antolatu dituzte Bilbora joateko.
Zeren kontra mobilizatuko zarete zapatuan?
Gaur egungo koiunturan bi arazo nagusi ikusten ditugu; alde batetik, Europako agenda politiko guztia gerrara eta austeritatera bideratuta dago. Horren adibide garbienak Ekialde Hurbileko gerrak eta Ukrainako gerra dira, eta horien ondorio diren austeritate politikak, horrek ekarriko dituen eta ekartzen dituen ondorio guztiekin. Eta beste alde batetik, Europa osoan zehar ematen ari den faxismo berri baten gorakada, mezu erreakzionarioak bultzatuz eta hedatuz.
Zer suposatzen du Europak gerrarako hautua hartzeak?
Krisi testuinguruan egonik, eta superpotentzia moduan bere posizioa ahulago ikusirik, Europak bere politikak gerrara bideratu ditu, alde batetik, NATOk Ukrainiako gerraren alde egin duen apostuagaz, eta bestetik, Israelen bitartez Ekialde Hurbilleko zonaldearen kontrol handiagoa lortzeko egin duen apostuagaz. Honek guztiak zer ekarriko digu? Hasteko, milaka eta milaka hildako, eta gehienak langile klaseko errugabeak. Horrez gain, estatuak gerrarako prestatu beharko dira; hau da, gastu militarra igoko da. Adibidez, Pedro Sanchez dagoenetik, %62,4 igo da aurrekontu militarra. Espainiako Estatuan, gainera, militarizazio bat emango da. Europako zortzi estatutan derrigorrezko militaritza ezartzea eztabaidatzen ari dira. Armagintza enpresetan gehiago inbertitu da, eta honen irabaziak %7,6 igo dira gerra garaitik. Burgesiarentzako gerrak negozio bat direla ere argi geratu da, hau da, gure bizitzekin negozioa egiten dutela. Horregaz batera, langile klasearen soldaten aurkako politika bultzatuko da, austeritate politika, non zerbitzu publiko denetan murrizketak emango diren, aurrekontu militarretara bideratzeko; beraz, bizitzan garestitze bat emango da.
Gure eginkizuna da haien diskurtsoak ez sinestea; haien benetako izaera kapitalista eta baztertzailea erakutsi behar ditugu.
Nola azaltzen da faxismoaren gorakada?
Krisi testuinguruan; gerra egoera eta bizi baldintzak hobetzeko ezkerreko gobernuak erakusten dituen ezintasunak, gizarteko kapa zabal baten frustrazio egoera eragiten du. Egoera horrek eskuineko diskurtso atzerakoi, matxista, arrazista, klasista, eta abar luze bati aukera zabaltzen dio, horrela, haien diskurtso erreakzionarioak hedatzeko baldintzak sortuz. Faxismoa krisi testuinguruetan agertu ohi da beti, haustura sozialak beregain hartuz, eta politika progresistaren porrotak eta ezkerreko alderdien ezintasunen aurrean alternatiba erradikal moduan agertuz. Baina hor, gure eginkizuna da haien diskurtsoak ez sinestea; haien benetako izaera kapitalista eta baztertzailea erakutsi behar ditugu.
Zein da bertoko egoera?
Guk askotan pentsatzen dugu guzti horretatik salbu gaudela, baina Bilboko portutik bidaltzen dira armak Ukrainara, eta beraz, austeritate politika honek zuzenean eragingo digu. Zerbitzu publikoak dagoeneko egoera eskasian daude. Bada, gerraren ondoriozko murrizketekin egoera are eskasagoan geratuko dira. Gainera, Euskal Herria ez da kaleetan mezu erreakzionariorik ez dagoen oasi bat, hemen ere diskurtso erreakzionarioen hedapen bat izan baita. Adibidez, Irungo gaztetxeak jasandako eraso faxistak, Ondarroan bertan agertutako pegatina faxistak, eta abar sakon bat dira horren erakusle.
Autobusak antolatu ditugu Bilbora joateko; Lekeitio, Ondarroa eta Mutrikutik 16:00etan irtengo dira eta Gernika-Lumotik, 16:30ean.
Zergatik da hain garrantzitsua zapatuan kaleak hartzea?
Haien interesetara bideratuta dagoen gerra batean, gerraren aurkako posizio irmo bat erakusteko. Mezu erreakzionarioen kontra ere borrokatu behar dugu, bai kalean eta baita sare sozialetan, horren normalizazio bat ez egoteko, eta diskurtso horren hedapenaren aurrean marra gorri argi bat ezartzeko. Beharrezkoa da zapatuan millaka gazte langilek diskurtso argi bategaz eta horri aurre egiteko intentzioagaz Bilboko kaleak hartzea.
Azken asteotan ere hainbat deialdi zabaldu dituzue.
Manifestazioa publiko egin zenetik, kanpainak jarri dira martxan Euskal Herri osoan zehar. Gure eskualdeetan, manifestazioaren aurkezpen lokalak egin ziren Mutrikun, Ondarroan, Lekeition, Bermeon eta Gernika-Lumon. Horretaz aparte, hitzaldiak ere egin ditugu; Ondarroan arrazakeriaren inguruko hitzaldia eman zen eta Gernika-Lumon gaur egungo faxismoari buruzkoa. Kanpaina aurrera eramateko asanbladak antolatu ditugu, horren antolakuntzan esku bat emateko prest dagoen orori parte hartzeko aukera emanez. Gainera, aipatutako herrietako hezkuntza zentroetan ekintzak egin ditugu. Kanpainari amaiera emateko, aisialdiko ekintzak antolatzen ere aritu gara. Gernika-Lumon briska eta mus txapelketa antolatu genuen Katu tabernan. Horrez gain, Mutrikun bertso-saioan batu ginen. Eta autobusak antolatu ditugu Bilbora joateko; Lekeitio, Ondarroa eta Mutrikutik 16:00etan irtengo dira eta Gernika-Lumotik, 16:30ean. Tiketak gure sare sozialen bidez eros daitezke, baita Gernika-Lumoko Katu Tabernan ere.