'Pleibak' bertso saio literarioa aurkeztuko du Miren Amurizak
Barikuan [urtarrilak 24], 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean, idazlea ez da bakarrik egongo, Micen, Uxue Alberdiren eta Ane Labakaren laguntza izango baitu musikan eta bertsoetan.
2024ko urte amaieran Miren Amurizak Pleibak bere bigarren nobela kaleratu zuena, eta 2025 urte hasieragaz batera, berriz, liburua oinarri hartuta, bertso saio literarioa sortu du. Hala, horixe aurkeztuko du idazleak gaur, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean. Amuriza ez da bakarrik egongo, Micen, Uxue Alberdiren eta Ane Labakaren laguntza izango baitu musikan eta bertsoetan. Sarrerak salgai daude Mutrikuko Udalaren webgunean nahiz turismo bulegoan, 3 euroren truke.
Pleibak emanaldian, literaturaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa “ezin hobeaz” gozatu ahalko du ikusleak. Amurizaren nobelaren pasarte hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoak tartekatuko dituzte, “testuetan oinarritutako gaiak landuz batzuetan, eta aktualitateko gaiei buruz hausnartuz besteetan”. Musikak, bertsoek eta literaturak eszenatokian elkarrizketa “berezi bat” sortuko dutela diote, eta publikoak “testuaren, kantuaren eta musika bizitzearen arteko harmoniaz” gozatzeko aukera izango du.
Plano bikoitza
Amurizak bi lagun jarri ditu istorioaren ardatzean; zehatzago esanda, bi lagun ohi: Jone eta Polly. Biek 15-16 urte dituzteneko garaia kontatzen du nobelak; ikasturte bat, Lekeitioko Antzar Egunagaz hasi, eta Berrizko San Pedro jaietara bitarteko tartea hartzen duena. Jonerena da ahots nagusia, narratzailearena, eta lagun izandakoari mintzatzen zaio. Baina hogeitaka urte geroago mintzo da, harremana galdua duten sasoitik, “elkarren arrotz diren gaurtzarotik”. Bi plano horiek nahasian jasoko ditu irakurleak; hala gaztaroko intentsitatea nola zer gertatuko den dakienaren begirada.