Herritik eta herriarentzat egindako marka berria
Markina-Xemeingo Udalak "herriarengandik gertuago" egoteko irudi berria aurkeztu du. Marka berriagaz batera, webgune berria eta areto eta instalazioen erreserbak online egiteko plataforma aurkeztu dituzte.
Bakarra danontzat. Horixe da, hain zuzen ere, Markina-Xemeingo Udalak aurkeztu duen marka berriaren leloa. Atzo [urtarrilak 23] egin zuten aurkezpena osoko bilkura aretoan, eta bertan izan ziren Iratxe Lasa Arana alkateagaz batera gainontzeko udal ordezkariak eta marka berria landu duen Esti Olasolo eta Naroa Escabias ere.
2023ko udazkenean hasi zuten marka berria sortzeko prozesua. Lasak adierazi zuenez, udalaren irudia herritarrengandik gertuago egotea izan da helburua: “Udal gobernura sartu ginenean geure buruari galdetu genion ea zer zen udala herritarrentzat, eta orduan erabaki genuen komunikazio plan bat egitea. Komunikazio plan hori Sorland enpresagaz egin genuen, eta hainbat herritarrek ere parte hartu zuten. Handik, hainbat ondorio atera genituen, besteak beste, udalaren irudia herritarrengandik gertuago egoteko zer behar zen, edo ze pauso eman behar genituen eta zelako irudia eman behar genuen”.
Hala, hor adostu zuten udalaren irudi horretan zer nolako kontzeptuek agertu behar zuten, besteak beste, gardentasuna, irekia, tradizioa, euskalduna, anitza, feminista eta zaintzailea. Denen artean adostutakoak hautatu, eta “erakundeen ofizialtasunetik kanpo” geratuko zen marka sortzeko lanean hasi ziren: “Nahi genuen marka bat izango zena herriarena, ez bakarrik udalarena, ez bakarrik dekretu, notifikazio eta arlo administratiboa beteko zuena. Baizik eta, herritarrekin gertu egongo zena”.
Herritik eta herriarentzat
Olasolo eta Escabias markina-xemeindarrak izan dira buruan zeukaten guzti hori irudi bihurtzeko ardura eduki dutenak. Lasak adierazi zuenez, Olasolo eta Escabias herritarrak izanda, eta gainera arlo horretako adituak eta profesionalak izanda, egoki ikusi zuten eurekin lantzea marka berria; Lasak gaineratu zuenez, komunikazio planean ere parte hartu zuten Olasolok eta Escabiasek.
Proiektuagaz martxan hasi zirenetik hilero elkartu dira udalagaz: “Kanpotik ikusten den markaren atzean lan luze-luzea dago”. Hori horrela, Olasolok markaren inguruko nondik norakoen azalpenak eman zizkien aurkezpenera bertaratu ziren herritarrei: “Gure inspirazio puntuak mendia eta natura izan dira. Ondarroa eta Lekeitio urdinak dira, eta Markina-Xemein, berdea da”. Hala, berdea izango da hemendik aurrera udalaren logoaz herritarrek lotuko duten kolorea. Baina, ez nolanahiko berdea: “Badago kolore bat frontoietako berdea dena. Hori baino gureagoa, gauza gutxi egongo dira”.
Formei dagokienez, ostera, besteak beste, “X” hizkia desestrukturatzen saiatu ziren: “X bat ez da positiboa, orduan, beti ahalegintzen gara hori desestrukturatzen apur bat. Batez ere, saiatu gara Markina-Xemein horri bere kutsua topatzen. Peru Abarkaren abarketaren sokekin eginda forma hori ere integratuta dago markan, eta baita mendien gora beherak eta pertsonak ere. Izan ere, leleoak dioen moduan, Bakarra denontzat, herri bat da denontzat, eta baita marka bat ere, esanahi bat baino gehiago dituenak”.
“Bizirik” dagoen marka sortu gura izan dute: “Marka bat da, baina barianteak ditu. Bariante horiek guztiek joko asko ematen dute, eta hori ere polita da: marka bizirik dago herria bizirik dagoen moduan. Konposizioak dira, eta polita da ez izatea gauza finko bat, baizik eta jokoa edukitzea eta ikustea euskarri desberdinetan zelan jokatzen duen”. Halaber, hainbat udal sailetarako barianteak sortu dituzte: “Aukeratu egin genituen zeintzuk beharko lituzketeen laguntzaile gehiago, eta oraingoz, horiek garatu ditugu, esaterako, kultur batzordea, Uni frontoia, berdintasun batzordea eta kirola”.
Berdea izango da aurrerantzean Markina-Xemeingo irudiaren kolorea.
Webgune berria, martxan
Marka berriagaz batera aurkeztu zuten udalaren webgune berria ere. Helbidea bera izango den arren, erabilgarritasun eta irisgarritasun irizpideak kontuan izanda diseinatu dute webgunea, “estetikoki erakargarria den” webgune bat sortuz: “Edukiak argiago erakusten dituen webgune funtzionala osatu da, estetikoki erakargarriagoa eta modernoagoa. Diseinu garbiago baten alde egin da, kolore zuriari eta berdeari garrantzia emanda. Hain justu, marka berrian erabili den kolore berdea islatu da webgunean ere”.
Bestalde, berritasun moduan, webgunetik egin ahalko dira aretoen eta instalazioen erreserbak. Gaur gaurkoz, honako instalazio hauek erreserbatu daitezke: kultur aretoa, Barinagako frontoia, atletismo pista eta frontoi txikia (aisialdi taldeei begira). Jakinarazi dutenez, aurrera begira berrikuntzak gehituko dizkiete atal horri, eta bestelako instalazioak gehitzeko aukera aztertuko dute.