Izaro Aranburu Rementeria: "Olinpiar Jokoetan lehiatzea da nire ametsa"
8 urtegaz dastatu zuen lehenengo aldiz atletismoa Izaro Aranburu Rementeriak (Aulesti, 2004). Pausoka, helburuak jarriz eta bidea egiten joan da, eta orain, 20 urtegaz, distantzia luzeko lasterketetan dabil, 23 urtez azpiko kategorian. Azken hilabeteetan Bizkaiko eta Euskadiko kros txapelketetan aritu ondoren, ate joka dauka Espainiakoa.
Markina-Xemeingo atletismo taldean hasi zuen bere atleta ibilbidea Izaro Aranburu Rementeriak (Aulesti, 2004), eta 12 urtegaz Durango Kirol Taldera joan zen. Bertan hasi zen distantzia luzeko lasterketetan espezializatzen, eta, ordutik, oso argi eduki ditu bere helburuak. Orain, biharko Espainiako txapelketan dauka burua.
Bihar lehiatuko duzu Espainiako Kros Txapelketa, Getafen. Zein da zure helburua?
Iaz lasterketa oso ona egin nuen. Izan ere, hamahirugarren postua lortu nuen, eta sentsazio oso onagaz gelditu nintzen. Aurten, nire helburua da iazko marka hobetzea. Uste dut zirkuitu bera izango dela, eta horrek abantaila apur bat ematen dit, ibilbidea ezagutzen dudalako. Beraz, aurreko urteko marka kontuan izanda, hobetzen saiatuko naiz.
Aurretik Bizkaiko Kros Txapelketa eta Euskadikoa ere egin dituzu. Bat abenduan, eta bestea, urtarrilean.
Bizkaiko Kros Txapelketan lehenengo postua lortu nuen 23 urtez azpiko kategorian, eta egia esan, oso gustura gelditu nintzen, lasterketa ona egin nuen. Estrategikoki oso ondo ibili nintzen. Lasterketan zehar, atzetik joan nintzen, eta amaieran, erritmoa aldatu eta lehenengo postua lortu nuen. Gainera, nire gustuko lasterketa zen; aldapatsua, basa gutxirekin eta lurra apur bat irregularra. Euskadiko txapelketan, ordea, kontrakoa gertatu zitzaidan, eta ezin izan nuen gustatuko litzaidakeen lasterketa egin. Orkatilak ere ez zidan lagundu, eta ibilbidearen ezaugarriei dagokionez, Bizkaikoaren kontrako lasterketa izan zen: aldaparik gabe, basaz beteta, eta lurra oso irregularra.
Lesio batetik zatoz. Nolakoa izan da errekuperazio prozesua?
Aurreko denboraldiko apirilean lesionatu nintzen, lehenagotik zetorren karga baten ondorioz. Metatartsoan izan nuen lesioa, eta nahikoa gogorra izan zen. Bi hilabete inguru ezer egin gabe egon ondoren, ekainean berriro apurka-apurka errekuperatzen hasi nintzen. Eta, egia esan, ez nuen espero hain azkar errekuperatzea. Nahiz eta oraindik ez nagoen ehuneko ehunean, azkenengo lau hilabeteetako lanaren ondorioz heldu naiz txapelketetara.
Bizkaiko lasterketa zure gustukoa izan zela diozu. Zeintzuk dira ibilbide batek izan ditzakeen ezaugarri onak eta txarrak?
Niretzat idealena lurra erregularra izatea da, ahalik eta gehien, batez ere orkatilarengatik. Lurra irregularra bada, edozein momentutan arriskua daukat orkatilan berriro ere zerbait egiteko. Horrez gain, basa apur bat izatea ere gustatzen zait, lasterketa gogorragoa izateko, baina beti ere, neurrian. Aldapak ere gogoko ditut, lasterketa guztia laua bada, ez dut gehiegi gustuko. Ezaugarri txarrei dagokienez, aipatu ditudan ezaugarrien kontrakoak ez ditut atsegin.
Entrenamendu aldetik, zelan entrenatzen zara?
Hiru entrenamendu mota egiten ditut. Astean egun batean serie motzak egiten ditut, 400 eta 500 metro ingurukoak, eta bestean, serie luzeak, 1.500 eta 2.000 tartekoak. Eta hirugarrenean, 10 kilometro inguruko korrikaldien bidez entrenatzen naiz, modu progresiboan.
Atleta bezala, zeintzuk esango zenituzke direla zure ezaugarriak?
Erritmo aldaketak oso ondo egiten ditut, eta normalean ez ditut lasterketa amaieran egiten, nahikoa hasieran baino. Ondo funtzionatzen dit honek. Horrez gain, esango nuke burua hotz izatea badela nire beste ezaugarri bat. Mentalki gogor egoten naiz lasterketetan, hau da, badakit indarrak kontrolatzen, eta lasterketa kontrolpean eramaten dut une oro. Ez nuke esango gorputza erabat kontrolatzen dudanik, baina lasterketa ona egiteko, nahikoa. Horrek asko laguntzen dit txapelketetan.
Lortutako markak eta lorpenak kontuan hartuta, zure buruagaz exijentea zarela esango zenuke?
Bai. Uste dut batzuetan exijenteegia ere banaizela nire buruagaz. Helburu zehatz batzuk dauzkat, eta ahal dudan indar guztia jartzen dut helburu horiek betetzeko. Betetzen ez ditudanean, asko frustratzen naiz. Horrez gain, esango nuke anbizio handiko pertsona naizela; asko gustatzen zait irabaztea eta aukerak ikusten ditudanean, irabaztera joaten naiz. Beti ezin daitezke jarritako helburuak bete, eta hori eramaten ere jakin behar da.
Esango nuke burua hotz izatea badela nire beste ezaugarri bat. Mentalki gogor egoten naiz lasterketetan, hau da, badakit indarrak kontrolatzen, eta lasterketa kontrolpean eramaten dut une oro.
Zein izan da zure lorpenik handiena?
16 urtegaz lehiatu ditudan kategoria guztietan izan naiz Euskadiko txapelduna. Hori, lorpen handia da niretzat. Baina, adibidez, abenduan egin nuen Bizkaiko Kros Txapelketa irabaztea ere lorpen polita izan zen, baita iaz Espainiakoan hamahirugarren postua lortzea ere. Izan ere, orain arte ez ditut lasterketa onak egin Espainiako Txapelketetan, urduritasunak janda edo.
Atletismo munduan, zein da zure erreferentea?
Momentu honetan Sifan Hassan dela esango nuke, baina beti esan izan dut nire erreferenterik handiena Sabin Zenarruzabeitia aulestiarra izan dela, txikitatik. Bera izan da niretzat kirol munduan erreferentea.
Etorkizunera begira, nora heltzea gustatuko litzaizuke?
Olinpiar jokoetan lehiatzea da nire ametsa, betidanik buruan izan dudan zerbait da. Hala ere, ez da erraza, eta lortu ezean, Europan lehiatzea ere gustatuko litzaidake.
Beti esan izan dut nire erreferenterik handiena Sabin Zenarruzabeitia aulestiarra izan dela, txikitatik.
Zure kirol ibilbideko oroitzapen on eta txar bat?
Ez da erraza hainbeste urte eta gero oroitzapen on bakarra aukeratzea. Baina, tira, onena esatekotan, Espainiako txapelketara Euskal Selekzioagaz joan nintzen lehenengo aldia aukeratuko nuke. Esperientzia oso polita izan zen gure selekzioagaz Espainiara joatea. Txarrenari dagokionez, Murtzian egindako lasterketa aipatuko nuke, karrera bakarra izan baitzen erretiratu eta amaitu ez nuena. Oroitzapen oso txarra dut egun horrena, inoiz ez naiz lasterketa batetik atera.
Behin Espainiako Kros Txapelketa pasatuta, zein da zure asmoa?
Otsailaren 8ko asteburuan pista estaliko Espainiako Txapelketa dago, eta minimora heldu naiz. Uste dut sartuko naizela, eta nire helburua bertarako prestatzea da. Baina ikusi egin beharko dut ea nola nagoen Espainiako Kros txapelketa eta gero. Hori pasata, bi hilabete hartuko ditut karga handirik gabe entrenatzeko, eta apirilean berriro txapelketekin jarraituko dut.