Artola eta Mariezkurrenaren garaipen bikoitza
Urtero legez, Markina-Xemeingo Uni frontoiak Binakako Txapelketako partida hartu zuen zapatuan [urtarrilak 25]. Giro eta ikuskizun bikaina nagusitu zen.
Markina-Xemeingo Uni frontoiak ez zuen hutsik egin urteroko bere pilota jaialdi handiagaz. Gainera, ez zuen Binakako Txapelketako edozein partida hartu zapatuan [urtarrilak 25]. txapelketaren hasieran, hautagai nagusien artean zeuden bi bikotek neurtu zituzten indarrak: Artola-Mariezkurrena II eta Elordi Zabaleta.
Gaur egungo bi atzelaririk indartsuenen arteko lehia ikusi nahi zuten askok. Beste batzuek, askok gainera, Aitor Elordi ikusi nahi zuten, Mallabia ingurutik asko izan ziren bertaratu zirenak. Hain zuzen ere, betiko legez, harmailak bete egin ziren. Ikuskizunak ez zuen hutsik egin eta maila handiko partidaz gozatu ahal izan zuten.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Hasiera kolore gorrikoa izan zen erabat. Mariezkurrenak agindu zuen atzeko koadroetan eta Artolak pilota egokiak aurkitu zituen aurrekoetan amaitzeko. 5-1 aurreratu ziren, baina hurrengo tantoan Mariezkurrenak min egin zuen belaunean eta aldageletara joan behar izan zen. Zorionez, berriro jokatzeko prest agertu zen. Hori bai, kosta zitzaion berriro konfiantza hartzea eta Elordik eta Zabaletak markagailuan hurbiltzeko baliatu zuten. Aspeko bikotea 8-9 aurreratu zen.
Lehen atsedenaldirako Baikoak aurretik zeuden. Mariezkurrenak ostera ere neurria hartu zion partidari, eta atzeko koadroetan bere legea ezarri. Artolak ere aurrerapausoa eman zuen eta gehiago eta hobeto sartu zituen pilotak errematatzerakoan: 15-11, 17-13 eta 19-14. Hala ere, bikote urdinak ez zuen harmailetako hausporik falta izan eta 19-17 jarri ziren. Gorriak ez ziren urduri jarri, eta garaipen garrantzitsua lortu zuten: 22-18.
Batetik, Artolak eta Mariezkurrenak Elordi eta Zabaletaren garaipen kopuru berdindu dutelako, zazpi garaipenegaz, eta horrez gain, aurretik jarri direlako elkarren aurkako bi partida irabazteagatik.
Bide onetik
“Susto latza eraman badugu ere Mariezkurrenaren lesioagaz, meritu handiko partida egin du buelta emanez. Buruz oso ondo aritu ezer egin ez balu bezala jokatu du, partida bikaina osatu du. Sufrituta baina garaipen gogorra lortu dugu”, adierazi zuen Artolak. Mariezkurrenak berak ziurtatu zuen “ondo” zegoela: “Beldurtu egin naiz momentuan, baina ikusi dugu ez zela ezer. Asko disfrutatu dut eta Zabaleta handi bateri batzuetan bizkarra erakutsi diot eta Artolagaz garaipen oso ona lortu dugu”.
Orain, finalaurrekoetarako txartela zuzena ematen duten lehen bi postuetara begira daude irabazleak: “Horretarako borrokatuko dugu, egia da puntu on batzuk galdu ditugula bidean, baina hori da gure helburua”. Ligaxka amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, bigarren postutik garaipen bakarrera daude bi bikoteak.
Serie B txapelketako 11. jardunaldian, berriz, Zabalak eta Aldabek, Eskuzaren ordez jokatu zuen, 22-14 hartu zituzten mendean Larrazabal eta Salaverri II.