Bosgarren jardunaldia amaituta, seigarrenari ekiteko prest
Goxua Txapelketako bederatzi partida jokatu dituzte pilotariek asteburuan. Aste honetan beste bederatzi jokatuko dituzte.
Bosgarren jardunaldia atzo [urtarrilak 26] amaitu berritan, Goxua Txapelketako pilotariak prest daude seigarrenari ekiteko. Lehenengo nahiz bigarren mailako pilotarien finalak martxoaren 28an jokatuko dituzten arren, euren onena ematen ari dira pilotariak ligaxkan ere.
Hain zuzen ere, bosgarren jardunaldia izan da horren erakusgarri. Joan den eguenean [urtarrilak 23] Latxi-Etxebarria eta Uriguen-Azurmendi bikoteek eman ziete hasiera jardunaldiari; bigarrenek irabazi zuten, 18-7. Ostean, Onagoitiak ta Ibarlozak jokatu behar zuten arren, Urizarrek jokatu zuen Ibarlozaren partez, Varelaren eta Unanueren aurka; Varelak eta Unanuek 18-10 irabazi zuten. Egueneko azken partida Muñozguren-Kato eta Anso-Legarra bikoteen artekoa izan zen; lehenengoek 18-4 irabazi zuten.
Barikuan [urtarrilak 14], ostera, lehenengo mailako partida bakarra jokatu zen. Esnaola eta Mujika neurtu ziren Zubiriaren eta Gomezen aurka. Azken bikotea ere irabazteko gosez zegoen arren, Esanolaren eta Mujikaren alde egin zuen markagailuak, 18-6 irabaziz.
Lehenengo mailako beste bi partida jokatu zituzten zapatuan [urtarrilak 25]: Berasaluze-Isasi eta Gorostizaga-Arandia, alde batetik, eta Xabi Arteaga-Koldobika Puente eta Perran anaiak, bestetik. Lehenengo partidan Gorostizaga eta Arandia nagusitu ziren, 18 eta 7 irabazita. Bigarren partida orekatu samarra izan bazen ere, Perran anaiek lortu zuten garaipena, 18-12.
Bosgarren jardunaldiagaz amaitzeko, atzo [urtarrilak 26] bigarren mailako hiru partida jokatu zituzten. Adorrixak eta Gandixak 18 eta 11 irabazi zuten Igor jaioren eta Aitxuluaren kontra; Andonik eta Jokinek, ostera, 18-8, Atxurraren eta Malaxetxebarriaren aurka; azkenik, Arrieta anaiek 18 eta 9 irabazi zuten Asier Egañaren eta Igor Loidiren aurka.
Seigarren jardunaldia. Asteroko legez, eguenean [urtarrilak 30] hasi eta domekan [otsailak 2] amaituko dute hurrengo jardunaldia. Eguenean 19:45ean emango diete hasiera asteko partidei, Markina-Xemeingo frontoi txikian. Guztira bederatzi partida jokatuko dituzte:
- Eguena, 19:45etik aurrera.
- Lorenzo-Agirregomezkorta eta Amoto-Oier Urrutia.
- Aldape-Aranburu eta Unai Uzuriaga-Xabat Uzuriaga.
- Peio Etxebarrieta-Aner Arriola eta Laka-Arrate.
- Barikua, 20:00etatik aurrera.
- Adorrixa-Gandixa eta Asier Egaña-Igor Loidi.
- Arrieta anaiak eta Atxurra-Malaxetxebarria.
- Zapatua, 18:00etatik aurrera.
- Esnaola-Mujika eta Uriguen-Azurmendi.
- Ander-Arkaitz eta Bustindui-Ezpeleta.
- Domeka, 18:00etatik aurrera.
- Iñakito-Agarre eta Txirloi-Allenda.
- Anitua-Basterretxea eta Igor Jaio-Aitxulua.