Aukeratu dituzte 22. Laburbirako zortzi film laburrak
Zirkuituaren geraleku izan nahi duten herriek zabalik dute eskaera egiteko epea.
22. Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituko lan aukeratuak martxoaren 7tik apirilaren 11ra arte ikusi ahalko dira. Haien herria zirkuituaren geltoki izan nahi duten udal edo elkarteek zabalik dute eskaera egiteko epea.
Dagoeneko zortzi film laburrak aukeratu dituzte eta Euskaltzaleen Topagunetik esan dute bilduma “aparta” eskainiko dute beste urte batez. “Eduki zien estiloz denetariko filmekin osatuta dago bilduma, gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparte da film labur sorta hau”, azaldu dute. Urtarrilaren 24ra arte aurkeztu dituzte lanak eta gero aukeraketa egin dute. Film laburrak euskaraz egindakoak dira, 2024an ekoitzitakoak eta 25 minututik beherakoak.
Hurrengokoak dira 2025eko Laburbirako filmak:
- Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizarduy)
- Plazer bat (Sonia Estevez)
- Betiko gaua (Eneko Sagardoy)
- Europa (Ekain Irigoyen)
- Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena)
- Hor konpon (Jone Arriola)
- Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño eta Iraia Yarto)
- Utlandsk (Alba Lozano)
Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: “Euskal zinemagintza hauspotzea, batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik”.
22 urteotan “bide arrakastatsua” egin duela diote eta euskal zinemagintzaren “erakusleiho erreferentziala” da bihurtu dela. “Zinema ekoiztea izatez da jarduera zail eta garestia. Ondorioz, film laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra”. Zentzu honetan, Laburbirak “berebiziko garrantzia” du autoreei eta beraien lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta zirkuitu “egonkor eta zabala” eskaintzen duen neurrian, “industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.