Inoiz baino sortzaile gehiago izango ditu Udalbiltzaren III. Geuretik Sortuak egitasmoak
Naia Arantzamendi ondarrutarra dago tartean, Lea-Artibai eta Mutrikuko sei herritan egonaldiak egingo dituzte sortzaileek.
Joan den barikuan [urtarrilak 24] aurkeztu zituzten sortzaileak Iruñean. Udalbiltzak antolatutako ekitaldian, III. Geuretik Sortuak proiektuan parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak, beka lortu duten sortzaileak eta proiektuko bidelagun politiko zein teknikoak elkartu ziren.
Literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintza alorretako 30 proiektu hautatu dituzte, inoiz baino gehiago. Tartean dago Naia Arantzamendi ondarrutarra, literaturaren alorrean, Baigorrin egingo du egonaldia. Sortzaileek, beka baten bitartez, egonaldiak egingo dituzte 30 herritan edo herri multzotan.
Hain zuzen ere, Lea-Artibai eta Mutrikuko sei herri daude zerrendan:
Komikigintzan
-
Patricia Etxegarai: Ziortza-Bolibar
-
Asier Iturralde Gaston: Mutriku
Literaturan
-
Oier Guillan: Aulesti, Amoroto eta Munitibar
Antzerkigintzan
-
Argimalutak: Berriatua
-
Imanol Epelde: Ajangiz eta Muxika
Iazko urrian beka deialdia zabaldu zuten eta asteleheneko ekitaldia aurkeztu zituzten, baita aurten parte hartzera animatu diren euskal udalerri guztiak ere. Bai sortzaileak, baita haiek hartuko dituzten herriak edota herri multzoak ere –kasu batzuetan herriek taldeka parte hartuko baitute– 30 izango dira; inoiz baino gehiago.
Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. “Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren ostean ere”. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi deialdi izan ditu dagoeneko, 26 sortzaile bekadunekin lehenengoan, eta 22rekin bigarrenean.
Ekitaldiko protagonista nagusiak, ordea, udalerrietako ordezkariak eta hautatutako sortzaileak izan dira. Herriei dagokionez, Berriatuako alkate Joseba Goienolak hartu zuen hitza. Berriatuarrak edizio guztietan mantendu den udalerri bateko ordezkari gisa bota hitza egin zuen, “esperientziatik eta egitasmoaren hazkundea ikusi izanaren harrotasunetik”.
Abenduan osatu zen balioespen batzordean, goi mailako epaimahaia izan da beka jasoko duten sortzaileak hautatzearen arduradun: Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Esti Urresola zinegintzan.