Inoiz baino sortzaile gehiago izango ditu Udalbiltzaren III. Geuretik Sortuak egitasmoak

Naia Arantzamendi ondarrutarra dago tartean, Lea-Artibai eta Mutrikuko sei herritan egonaldiak egingo dituzte sortzaileek.

Geuretik SOortuak udalbiltza 2025 AurkezpenaUdalbiltza

Joan den barikuan [urtarrilak 24] aurkeztu zituzten sortzaileak Iruñean. Udalbiltzak antolatutako ekitaldian, III. Geuretik Sortuak proiektuan parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak, beka lortu duten sortzaileak eta proiektuko bidelagun politiko zein teknikoak elkartu ziren.

Literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintza alorretako 30 proiektu hautatu dituzte, inoiz baino gehiago. Tartean dago Naia Arantzamendi ondarrutarra, literaturaren alorrean, Baigorrin egingo du egonaldia. Sortzaileek, beka baten bitartez, egonaldiak egingo dituzte 30 herritan edo herri multzotan.

Hain zuzen ere, Lea-Artibai eta Mutrikuko sei herri daude zerrendan:

Komikigintzan

  • Patricia Etxegarai: Ziortza-Bolibar

  • Asier Iturralde Gaston: Mutriku

Literaturan

  • Oier Guillan: Aulesti, Amoroto eta Munitibar

Antzerkigintzan

  • Argimalutak: Berriatua

  • Imanol Epelde: Ajangiz eta Muxika

Iazko urrian beka deialdia zabaldu zuten eta asteleheneko ekitaldia aurkeztu zituzten, baita aurten parte hartzera animatu diren euskal udalerri guztiak ere. Bai sortzaileak, baita haiek hartuko dituzten herriak edota herri multzoak ere –kasu batzuetan herriek taldeka parte hartuko baitute– 30 izango dira; inoiz baino gehiago.

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. “Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren ostean ere”. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi deialdi izan ditu dagoeneko, 26 sortzaile bekadunekin lehenengoan, eta 22rekin bigarrenean.

Iruñeko partehartze eta euskara zinegotzi Aitziber Campionek egin zion ekitaldiari harrera. Ostean, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak eta Begoña Enbeita euskara eta kultura arduradun politikoak hartu zuten hitza, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, baita bertan parte hartzera animatu diren udalerriei merezi dituzten eskerrak emateko ere.

Ekitaldiko protagonista nagusiak, ordea, udalerrietako ordezkariak eta hautatutako sortzaileak izan dira. Herriei dagokionez, Berriatuako alkate Joseba Goienolak hartu zuen hitza. Berriatuarrak edizio guztietan mantendu den udalerri bateko ordezkari gisa bota hitza egin zuen, “esperientziatik eta egitasmoaren hazkundea ikusi izanaren harrotasunetik”.

Abenduan osatu zen balioespen batzordean, goi mailako epaimahaia izan da beka jasoko duten sortzaileak hautatzearen arduradun: Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Esti Urresola zinegintzan.