Patxi Saizek bere azken diskoa aurkeztuko du Galarrenan
Musikariak zapatuan [otsailak 1] 19:30ean 'Kantatzen duen herria gara' bere azken diskoa aurkeztuko du.
Patxi Saizek 2024ko azaroan disko berria kaleratu zuen 13 urteren ostean: Kantatzen duen herria gara. Kontzertuak ematen hasteko irrikitan zegoen ondarrutarra eta zapatuan [otsailak 1], 19:30etik aurrera, emango du lehendabizikoa Lekeitioko Galarrena tabernan. Kantaldi formatua emango dio musikariak eta bere ibilbide musikala errepasatzeko baliatuko du.
Diskoaren sorrera bezala, kontzertuak bilatzen ere, musikaria bera aritu da autoekoizpenean. “kanal ofizialetatik gain, taberna, kultur etxe edota udaletxeetan ibiltzen naiz diskoa saltzeko proposamena egiten, eta nahi izan ez gero, kontzertua emateko. Horrela suertatu zen Galarrenakoa ere, diskaz gain, kontzertu txikiak eman izan dituztela esanez data adostu genuen”.
Hain zuzen ere, bere diskoaren lehen aurkezpen kontzertua izango da Lekeitiokoa. Hori bai, artistak baieztatu du, diskoko hamabi kantez gain, bere ibilbideko beste hainbat abesti jokatzeko aukera egon badagoela. Aspaldiko partez igoko da oholtzara Saiz, eta onartu du aurreko egunetan “apur bat urduri” dagoela, urteak daramatzalako jendaurrean kontzertua eskaini barik. “Intriga pixka batekin nago nire burua oholtza gainean ikusteko eta, zelan ez, jendearen harrera ikusteko. Normalean, diskoen aurkezpenetatik kanpo ez ditut kontzertu asko ematen, norbaitek deitzekotan bakarrik, bestela ez. Beraz, urduritasun puntu hori ere gogotsu nagoelako da”, azaldu du.
Orain arte Kantatzen duen herria gara diskoak “harrera ona” izan duela nabarmendu du, batez ere jendeak diskoaren kalitatea goraipatu izan duela dio. “Aurreko diskoak baino hobeto entzuten dela esan didate, eta eskertzekoa da, inbertsio materiala ere handiagoa izan delako eta agerian geratu da. Musika garbia dela nabarmendu dute, tresnak eta ahotsak hobeto entzuten dela”.
Musikaria ez da Galarrenako espazio txikian bakarrik egongo. Beste hiru musikarekin batera agertuko da Galarrenan, biolinak, teklatuak, akordeoiak edota baxuak ere presentzia izango dute. Horrenbestez, musikariak bihar Lekeitiora bertaratzeko deia zabaldu nahi izan du.