HITZAk kanal eta sare sozial berriak ditu
WhatsApp eta Telegram kanalak sortu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun baita Instagram sare soziala zabaldu ere. Lea-Artibain Instagram kontua zabaldu dute.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAk sare sozialen aldeko apustua indartu du, eta tokiko albisteei zabalkundea emateko bide berriak ditu. Hain zuzen ere, Lea-Artibai eta Mutrikun, Instagram kontua eta WhatsApp eta Telegram kanalak sortu dira.
Ez da behin-behineko erabakia, baina bai behin-betikoa. Hau da, barne prozesu luze baten ondorioa da, proiektuari beste zabalkunde bat emateko intentzio argiarekin, saretzeko helburuagaz. Era berean, apustu sendo bat da, egungo errealitateari egokitzeko eta herritar gero eta gehiagori heltzeko.
Orain arte Lea-Artibai eta Mutrikun bi sare sozial nagusi egon dira –X eta Facebook– eta Busturialdean, berriz, lau –X, Facebook, Telegram eta Instagram–. Sare sozial berrien irekierarekin, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAk irudi bateratua eskaini nahi du, eta aldi berean, gaur egungo sare sozial erabilienetako eta zabalduenetako hirutan presente egon.
Hautatu diren komunikazio bide berriekin, sare sozialak erabiltzen dituzten herritar gehienak bildu nahi dira: Facebook 35 eta 65 urte bitarteko pertsonen artean nagusitzen da, Instagram gazteen artean erabilienetakoa da, eta WhatsApp da, orokorrean, jende gehienak erabiltzen duen komunikazio bidea, baita Telegram ere.
Era berean, gaur egun herritarrek informazioa jasotzeko modua aldatu da, eta HITZA horretara egokitu nahi izan da. Helburua argia da, irakurleekin bestelako harremanak sortzea, www.lea-artibaietamutriku.hitza.eus eta www.busturialdea.hitza.eus webguneetara heltzeko bestelako bideak zabaltzea.
Baina beste pauso bat eman nahi izan dute, ez dira bakarrik sare sozial berrietan geratu, orain artekoen azala ere aldatu nahi izan dute, «transmisioak garrantzia handia duelako». Clickbaitaren garaian, informazioa erakargarri egin beharra dago, are gehiago sare sozialetan, Fake Newsen garaia ere badelako, eta HITZA tokiko eta egiazko informazioaren sinonimoa delako.
Buletina, astero
Horrez gain, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAren buletina ere asterokoa izatera pasatuko da otsailetik aurrera. Barikuetan, hartzaile bakoitzak bere eskualdeko asteko albisterik garrantzitsuenak jasotzeko aukera izango du. Horretarako, webgunean dagoen buletinera harpidetzeko informazioa besterik ez da bete behar: izen-abizenak eta posta elektronikoa.
Euskarazko kazetaritzak irakurleak behar ditu, baina, hori bezainbeste, bere lanari eusten lagunduko dioten babesleak behar ditu. HITZAk behar du irakurleek webgunean albisteak irakurtzea eta Hitzakide egitea.