Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak kargua utzi du
Atzo [urtarrilak 30] ospatu zen urtarrileko Osoko Bilkuran utzi zuen kargua Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak, orain arte alkateorde izan den Ainhize Azpiazuri testigua emanez.
Atzo [urtarrilak 31] ospatu zen Mutrikuko urtarrileko Osoko Bilkura, eta bertan utzi zuen alkate kargua Joseba Palenzuelak. Hala, orain arte alkateorde izan den Ainhize Azpiazuri pasa zion alkate kargua, ofizialki otsailean hartuko duen arren. Osasun arazoak medio, urte betean bajan egon ondoren, kargua uzteko momentua iritsi dela adierazi du Palenzuelak: “Aspaldiko partez arraroa egingo zaizue ni mahai honetan ikustea, urte betean ez bainaiz egon. Beste martxa baten hasi eta beste bi urterako etortzea gustatuko litzaidaken arren, gaurkoa nire azkena izango da, zoritxarrez”.
2011ko hausteskundeetan hartu zuen alkatetza kargua lehen aldiz Joseba Palenzuelak, EH Bildutik, eta 2019 eta 2023koetan ere berriro aukeratu zuen Mutrikuko herriak: “Orain dela 14 urte, ekainaren 13an, gela hau gaur bezala bete zen. Orduantxe jarri nintzen lehen aldiz mahai honetan, eta gaur ere aretoa beteta ikustea, oso polita da”. Legeldi hartako zenbait gauza gogora ekarri ditu Palenzuelak; krisi ekonomikoa tarteko, udal gobernuak erronka potoloak izan zituen: “Krisi ekonomiko batean sartuta zegoen udala, eta ez zen erraza izan hortik ateratzea. Baina, gaur egun, harrotasunez esan genezake udalaren ekonomia bide onean jarri genuela, eta herritarren bizimodua hobetzeko beste zenbait neurri ere hartu genituela. 2015. urtera “nekatuta” heldu zela, eta atseden beharra zeuala aipatu du alkate ohiak: “2019ko haustekundeen aurretik, kafe baten bueltan, zerrendaburu joateko gonbita jaso nuen berriro. 2015ean oso nekatuta nengoen arren, indaberrituta sentitzen nintzen, eta familiarekin kontsultatu ondoren, hauteskundeetan aurkeztu eta herriak berriro ere udal gobernurako hautatu ginduen. Bigarren aldiz, pozik eta harro nengoen”.
2019-2023ko agintaldia “pozik” eta “indarrarekin” hasi zuen Palenzuelak, eta 2020an “ilusio handiarekin” onartu zituzten aurrekontuak: “Mundua jatera gindoazen, baina bat-batean, pandemia heldu zen. Krisi ekonomikoan asko ikasi genuen bezala, pandemia garaian ere denetarik ikasi eta egin genuen. Herritarei lagundu genien, eta ondoan geundela adierazi, diru zein eskaintza kulturalen bidez. Horrek, berriro ere, harro egotera eraman gintuen”.
Joseba Palenzuela: “Beste martxa baten hasi eta beste bi urterako etortzea gustatuko litzaidaken arren, gaurkoa nire azkena izango da, zoritxarrez”
2023ko hauteskundeak iristear zeudela, berriro ere, kafe baten bueltan, Mutrikuko EH Bilduren hautagai joateko gonbita jaso zuen, eta ostera ere familiarekin kontsultatu ondoren, baiezkoa eman zuen: “Hauteskunde eguna heldu zen, eta eguerdi inguruan, urduritasunak janda nengoen. Emaitzak atera, eta hirugarrenez, Mutrikuko herritarrek alkate bezala aukeratu ninduten. Negar ere egin nuen, aurreko bietan ez bezala”. Gabonen bueltan, aurrekontuetako lehen pausoak ematen zenbiltzala aipatu du Palenzuelak: “Martxan jarri genuen dena, urtero legez, eta urtarrilean, bularreko mina heldu zitzaidan. 2024ko aurrekontuak onartu ziren Osoko Bilkura Mendaroko ospitaletik ikusi nuen. Lehenengo agintaldian krisi ekonomikoaren ondorioak jasan genituen, bigarrenean, pandemia, eta hirugarrenean nire osasuna izan da klak egin duena”. Urte betean lehengora itzultzeko saiakerak egin dituen arren, alkate izateko indarra falta zaiola dio Palenzuelak: “Nire burua ez dut ikusten alkateak izan behar duen indarrarekin, beraz, gaur alkate karguari uko egiten diodala jakinarazi nahi diot udalbatzari eta herriari. Horrekin batera, urte guzti hauetan nirekin egondako 31 lagunak, zinegotziak, ekarri nahi ditut gogora, baita Joseba idazkaria ere, 14 urte hauetan gurekin izan baitugu”.
“Aurrerantzean ez naiz Mutrikuko alkatea izango, eta nahiz eta kostatako erabakia izan, nire, gure taldearen, eta herriaren onerako hartutako erabakia izan da. Ezin naiz oztopoa izan herri honen funtzionamendurako”, azpimarratu du Palenzuelak. Azpiazuri kargua eman aurretik mezu bat bota nahi izan du: “Urte guzti hauetan ondo eta gaizki egindako gauzak egon dira; beraz, gaizki egindakoengatik bakarmenak eskatu nahi ditut, eta ondo egindakoak gogoan hartzeko eskatu. Erabaki guztiak izan dira, ustez, herritarren eta herriaren onerako”. Amaitzeko, azken mezua bota du alkate ohiak, Ainhize Azpiazuri zume uztaia eman aurretik: “Jarraitu denok Mutrikuren alde; herritarrak gogoan dituzuela sentitu, gauzak nola egin pentsatu, eta gauza horiek denak egin. Sentitu, pentsatu, egin. Horretarako, erabili bihotza, burua eta eskua. Pirritxek eta Porrotxek erakutsi diguten bezala. Formula horrekin, ez dago huts egiterik”.
Joseba Palenzuela: “Sentitu, pentsatu, egin. Horretarako, erabili bihotza, burua eta eskua. Pirritxek eta Porrotxek erakutsi diguten bezala. Formula horrekin ez dago huts egiterik”
Alkatetzaren sinbolo den zumea uztaia eman dio Palenzuelak Azpiazuri, eta herria esku onetan gelditzen dela azpimarratu du. Azpiazuk, eskerrak eman dizkio urte guzti hauetan egindako lanagatik: “Lehenengo agintaldian ez nintzen taldean egon, baina gauza on asko entzun nituen. Hurrengo agintaldietan egon nintzen, eta guretzat maisu handia izan zara. Gauza asko erakutsi diguzu, eta uste dut, mahai honetan parte hartzen dugun guztiok daukagula zerbait eskertzeko. Herria eta herritarrak asko maite dituzu, eta hori bistakoa da. Beraz, eskerrik asko, hainbeste erakutsi eta herriaren alde egitearren. Gu saiatuko gara zure bidea jarraitzen”.
Otsailean hartuko du alkate kargua ofizialki Ainhize Azpiazuk, nahiz eta Palenzuela bajan egon den bitartean bera izan den alkate lanetan ibili dena. Beraz, agintaldia betetzeko falta diren bi urteetarako “gogotsu” dagoela adierazi du: “Saiatuko naiz ahal bezain ondo egiten, azken urte honetan bezala. Asko daukat ikasteko, baina borondatea ez zait falta”.
Mutrikuko EAJko Xabier Eizagirrek ere hitza hartu du, eta alderdiaren izenean eskerrak eman dizkio Palenzuelari: “Gure aldetik eskerrik asko urte guzti hauetan herriaren alde egin duzun lanagatik. Hiru agintaldi izan dira, eta urte asko. Bide horretan gora behera asko izan ditugu, baita erabaki asko hartzeko beharra ere; batzuk gozoak eta beste batzuk garratzak. Gure posiziotik hor egon garela uste dut, batzuetan bat egin dugu, beste batzuetan ez. Baina azpimarratuko nuke denon artean eduki dugun errespetu eta harmonia ona, eta zuk hori sortzeko orduan izan duzun eragina. Beti irekita eta prest. Zorte on bizitzako arlo guztietan”. Berdeak Equo alderdiko Iñigo Agirrek ere esker hitzak izan ditu Palenzuelarentzat: “Gure esker onak eta agurrik beroena, Mutrikuko herriari eskaini dizkiozun denbora, energia, lana eta dedikazioarengatik. Herri mailako politikagintzan aritzea ez da lan erraza, herriarenganako hurbiltasunak bi norabideko konfiantza uztartzeko balio dezake, baina konfiantza hau ardura handi batekin batera dator. Denbora luze honetan zure bi ezaugarri azpimarratuko nituzke: nortasuna eta enpatia. Nortasuna, arazoei aurre egiteko orduan, eta enpatia, bestearen tokian jartzeko momentuan. Orain, ezinbesteko deskantsua hartzeko momentua dela erabaki duzun unean, animo asko zure bizitzako etapa berrian. Elkar ikusten eta elkarbanatzen jarraituko dugu hemendik aurrera ere. Ohore handia izan da guretzako, eta ondo segi!”.
Ainhize Azpiazu: “Saiatuko naiz ahal bezain ondo egiten, azken urte honetan bezala. Asko daukat ikasteko, baina borondatea ez zait falta”.