Jostea baino gehiago
Astean bitan elkartzen dira Lekeitioko Kakorratz taldeko hamabost kideak. «Inoiz baino gehiago» dira aurten, eta pozik agertu dira Anabel Muniozguren Plaza eta Agurtzane Ruiz Bikandi taldekideak. Egiten dutena, gainera, jostea baino askoz gehiago da, zeregin sozialari ere garrantzia ematen baitiete.
Atzera begiratu, eta ez da duela urte askoko irudia etxeko atarian emakume bat josten ikustearena. Josi, puntua egin edo kakorratz lanean aritu. Etxe guztietan zegoen lan hura egiten zekienik. Beharrak bultzatuta, etxekoentzako arropak egiten zituzten jostunek; izan ere, garestiegia zen etxeko guztientzako arropa erosi behar izatea.
Gaur egun, ostera, guztiz irauli da egoera: arropa merkeak salgai daude nonahi, eta josteko materiala garestitu egin da. Hala ere, bada oraindik euren oinordekoen tradizioari eutsi, eta josten aritzen denik. Horren adibide dira Lekeitioko Kakorratz taldeko Agurtzane Ruiz Bikandi eta Anabel Muniozguren Plaza. Duela hainbat urte hasi ziren Lekeitioko denda batean elkartzen, eta ordutik, hamaika josteko modu ikasi dituzte taldean; gaur egun Lekeitio eta inguruetako hamabost kide dira taldean, “inoiz baino gehiago”.
Bien ustez, denbora luzez kakorratza eta puntua “emakume zaharren kontua” izango balira bezala sailkatuta egon dira, baina “kanpotik” etorritako modaren ondorioz, “beste modu batera” ikusten du orain gizarteak kakorratz egileen lana.
Astelehenetan eta eguenetan elkartzen dira Lekeitioko kultur etxeko gela batean, 18:00etatik 20:00etara. Hala ere, han egiten duten lanaz gain, etxean ere asko izaten dute egiteko: “Denbora asko eskatzen du xal bat, jertse bat, manta bat edo dena delakoa egiteak. Puntuz puntu egin behar da; elkartzen garenean egiten dugun lanarekin bakarrik ez dugu amaitzen, etxean ere, egunero egin behar da”. Han, baina, denen artean ikasteko aukera izaten dute: “Hemen ikasten hasten gara, puntuak zelan egiten diren, esaterako. Guretzat bizio bat da, ezin dugu hau egin gabe bizi”.
“Lehen josten zen beharrak hala eskatuta; orain, ostera, gehiago egiten da afizio moduan”.
Gustu horren erakusgarri da, zalantzarik barik, joan den Gabonetarako egin zuten lana. Kakorratza egiteko talde hutsal izatetik urrun daude lekeitiarrak. Izan ere, zeregin soziala ere bada egiten dutena: “Gu gure lana egiten hasi ginen, bakoitzari gustatzen zitzaiona. Momentu batean, fededun tailerretan, Lekeitioko Uribarren-Abaroa egoitzako egoiliarrentzat zerbait egiteko ideia atera zen, boluntario moduan”.
Hala, La Caixa Fundazioak emandako materiala jaso zuten, eta martxan ipini ziren: “Jaso genuen materialarekin 2023an hasi ginen lanean, eta duela urtebete entregatu genituen guk egindako 72 xal Lekeitioko egoitzara. Gizonei ere zerbait egiteko asmoz, gurpildun aulkian daudenentzako mantak egitea pentsatu genuen. Eta horrela, 24 manta egin, eta eroan egin genituen”.
Hirugarren eskaera, ostera, joan den Gabonen atarian jaso zuten: “Lekeitioko fededun tailerrean ibiltzen dena Foruan eta Busturian ere ibiltzen da. Berak Foruko egoitzara xalak eroateko proposamena egin zigun”. Eta, horren ostean, beste proposamen bat ere heldu zitzaien: “Etxekoentzako kakorratzez egindako panpina txiki batzuk egin genituen biok, eta Busturiko egoitzara eroateko egitea proposatu ziguten”. Hala, hogei panpina txiki egin eta eroan zituzten Busturira.
Lan sozial horrekin asebeteta sentitzen dira kakorratz taldeko kideak, eta argi dute, horretan jarraituko dutela: “Guretzat taldean elkartzea terapia bezalakoa da askotan, elkarrizketa politak izaten ditugu. Elkartu, eta gustura josten egoteaz gain, alde soziala ere garrantzitsua da guretzat, eta horregatik egiten ditugu halako ekimenak”.
Gaineratu dutenez, taldea zabalik dago puntua edo kakorratza egiten ikasi nahi duen edonorentzat: “Aurten hiruzpalau berri hasi dira. Ez da inon izena eman behar; etorri, eta listo. Bakoitza nahi eta ahal duenean etortzen da. Norbaitek ikasteko gogoa baldin badu, ateak irekita ditugu”.
Txikitatik josten
Biek ere, umetan ikasi zuten josten, etxekoek erakutsita. Muniozgurenek, esaterako, auzoan ikasi zuen: “Biok ikasi dugu umetan. Nik auzoan ikasi nuen. Gainera, nire ama ere abila zenez, beti gustatu izan zait. Andrakilari arropak egiten nizkion”. Ruizek, ostera, amonagaz ikasi zuen josten: “Amonak erakutsi zidan, baina gero, denbora luzez egin gabe egon naiz. Duela zazpi urte inguru hasi nintzen ostera ere”.
“Bakoitza nahi eta ahal duenean etortzen da jostera. Norbaitek ikasi nahi badu, ateak irekita ditugu”
Gaur egun Lekeition eta inguruetan kakorratza egiteko materiala erosteko denda zehatzik ez dagoen arren, garai batean bat baino gehiago zeudela gogoratzen dute biek: “Lehen bazeuden bi edo, nik ezagutu ditudanak behintzat. Eta propio artilea pisura saltzen zuen denda bat ere egon zen. Arranegin ere bazegoen beste bat… Orain, mertzeria batek saltzen du material apur bat, baina ez da horretara dedikatzen, normala den bezala”.
Izan ere, “asko” aldatu da egoera ordutik hona. Garai haiekin alderatuz gero, jostearen arteak indarra galdu duela uste dute bi lekeitiarrek. Muniozgurenek, baina, ondo gogoan du etxeetako atarietan hainbat emakume elkartzen ziren garaia: “Indar asko galdu du. Lehen, denek ez esateagatik, emakume ia denek jertseak, galtzetinak, bufandak… egiten zituzten etxekoentzako. Egun batean baten etxean elkartzen ziren, eta bestean, beste batenean. Denbora guztian puntua edo kakorratza egiten zuten. Semea txikia zenean, kafetegian egoten ginen kafe bat hartu bitartean kakorratza egiten, eta umea, bitartean, jolasean egoten zen. Hondartzan ere egiten genuen… edonon”.
Hala ere, Ruizek dio orain egiten den modua “desberdina” dela: “Lehen josten zen beharrak hala eskatuta; orain, ostera, gehiago da afizio moduan. Orain egiten dena sortzaileagoa da, ez arroparen bat behar delako. Lehen, jendeari ez zitzaion gustatzen etxean eginda dagoela nabaritzea, eta orain, alderantziz da”.