Lur ama esna dadin
San Blas eta Santa Ageda ospakizunek hartuko dituzte, neguaren gordinenean, Lea-Artibaiko eta Mutrikuko bazterrak.
Negua inoiz baino gorriago izanik ere, egunak apurka-apurka luzatzen hasi dira. Eguzkiaren bidean, ohiturak lurrari makilaz kolpeak jotzea agintzen du, argiari, epelari eta, oro har, ama lurrari iratzartzeko eskatu asmoz. Horrexegatik baliatzen dituzte makilak eta kandelak, egunotan: argia, iluntasuna bere gordinenean dagoelako; soinua, lo dagoen oro esna dadin. San Blas eta Santa Ageda jaietan murgilduko dira egunotan Lea-Artibaiko eta Mutrikuko herritarrak. Denetariko ekimenez osatutako programazioak josi dituzte.
Eske koplak izango dira protagonista nagusi, baina ez bakar. Antzina jan-edana eskatzen baldin bazen, egun denetariko kausetarako dirua biltzeko egiten dituzte errondak. Ispasterren, leiomiosarkomen ikerketa bultzatuko dute: GEIS elkarteak jasoko du dirua. Mutrikun, herritarren erabateko inplikazioarekin egingo dituzte errondak; lau taldetan banatuta ariko dira abesten. Urtero herriko elkarte zein taldeek jaso ohi dute dirua. Aurten, Buruhandien eta Erraldoien Konpartsa eta Mutrikuko Bertso Eskola izango dira onuradunak.
Udalerrietako hezkuntza zentroetako ume nahiz gaztetxoak protagonista izango dira han-hemen, beren kabuz kalejirak atondu baitituzte. Besteren artean, Lekeition, Markina-Xemeinen, Aulestin edo Ondarroan kaleratuko dira ikasleak.
Han-hemen egingo dituzten tostada lehiaketak ez dira tripazorriak isiltzeko aukera bakarrak izango, mokadu, hamaiketako zein kopauek eskualdeen luze-zabaleko mahaigainak hartuko baitituzte: Aulestin, San Blas Elkarteak prestatuko du, eta Markina-Xemeinen, jubilatuek eta Guraso Elkarteak, auzolanean.
Lekeition, berriz, ospakizunak lau haizetara doan aldarri itxura hartuko du. Izan ere, Musikaia Musika Eskolak eta Poto Bertso Eskolak beren kalejira egingo dute, baina baita Galarrenan hasiko dena ere; azken horrek euskal presoei elkartasuna erakutsiko die.
Finean, negua ez da inondik inora aitzakia izango egunotan, han eta hemen zer egin, zer dastatu, zer ikusi eta zertaz gozatu egongo da eta.