"Alleriko padura berreskuratzearen" garrantzia aldarrikatu du Eguzkik Hezeguneen Nazioarteko Egunean
Alleri berreskuratzeko erabili beharreko dirua, "inbertsio gisa" ikusi behar dela adierazi du Eguzki Talde Ekologistak.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna izan zen atzo [otsailak 2], eta Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak, aurten ere, Ondarroako Alleri Padurara eraman du begirada; bere egoera mahaigaineratu, eta hezegunea berreskuratzeko beharra erdigunean jarriz: “Ekologistak garen aldetik, ez dugu nazioarteko egun bat behar Alleri gogoan izateko, baina, tira, aukera aprobetxatuko dugu aldarrikatzeko. Ez hainbeste Alleri gaur egun zer den, baizik eta zer izan zen, eta batez ere, epe laburrean zer izan daitekeen”.
Klima aldaketari aurre egiteko padurek duten funtzioa nabarmendu du talde ekologistak, eta honen aurrean, tresnarik onenak hezeguneak direla azpimarratu du: “Oraingoan ez gara Allerik landare, anfibio edo hegaztietan duen aberastasunaz arituko. Oraingoan, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko padurek duten funtzioa nabarmendu nahi dugu. Ikerketa zientifikoen arabera, mende honen bukaeran itsasoaren batez besteko mailak metro erdi gora egin dezake. Horren ondorioak leuntzeko tresnarik onenetakoak hezegunean dira; gure kasuan, Alleri”. Uholdeak saihesteko edo, behintzat, arintzeko, tresnak dira padurak, “ura biltegiratu eta korrontearen abidura murrizten dute”. Gainera, karbono depositu garrantzitsua da Alleri, gainerako hezeguneak bezala, “mundu mailan hezeguneek karbonoaren %40 ere bere egin dezakete. Esan beharrik ez dago karbono emisioek planetako tenperatura berotu, poloetako izotzak eta glaziarrak urtu, ozeanoak azidotu eta gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno meteorologikoak sortzen dituztela”. Guzti honen adibide “argi” bezala jarri du Eguzki Talde Ekologistak urriaren 29an Valentzia eta inguruak “suntsitu” zituen DANA.
Euskal Herriko kostaldearen zati handiena itsaslabarra dela adierazi du Eguzkik, beraz, itsas mailaren igoeraren aurkako defentsa “beharrezkoa” dela argudiatu du: “Herritar gehienok estuarioetan bizi gara, topografikoki baxuenak diren eremuetan. Hau da, uholde arrisku handieneko eremuetan; Ondarroan bezala”. Arrigorri hondartza adibide gisa hartuta, itsas mailaren igoeragaz, egungo zabaleraren %40 galtzerainoko kaltea egingo lukeela dio Eguzkik.
“Gauzak horrela, gure inguruan klima-erronkari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak portuko dikea indartzeko lanak egi ditu, Life Up Urban Klima 2050 planaren markoan; hormigoizko 1.108 bloke jarriz. Plan hori egin duten bezala, Artibai ibaitik gora ere begiratzea komeni da, beste inbertsio mota batzuk eginez. Adibidez, Allerin. Portuko obra horietan 5,4 milioi euro inbertitu dira. Allerin, berriz, une honetan ez da inongo erakundeen inbertsiorik aurreikusi”. Herritarren ongizatean eragina duela dio Eguzkik, eta horregatik, “inbertsio” gisa hartu beharko litzatekeela Alleriren berreskuratzea, eta ez “gastu” bezala. “Etorkizunari begira eginiko inbertsioa izango litzateke, lehenengo fruituak epe laburrean emango lukeena, gainera”.