Lekeitiarrek indarrak batu dituzte herriko euskararen egoerari aurre egiteko
'Lekeitiok euskara behar du' dinamika ipini dute martxan Lekeitioko Udalak, kirol taldeek, ikastetxeek eta Dzast euskara taldeak. Besteak beste, 45 urtetik gorakoen artean euskararen erabilera erdira jaitsi da; egoerari aurre egiteko hainbat ekimen antolatuko dituzte.

Zapatuan [otsailak 1] elkartu ziren lekeitiarrak euskararen egoeraren berri eman eta aurrerantzean egingo dituzten ekimen eta egitasmoen berri emateko. Horretarako, indarrak batu eta Lekeitiok euskara behar du dinamika ipini dute martxan Lekeitioko Udalak, kirol taldeek, ikastetxeek eta Dzast euskara taldeak.
Herria antolatzeko beharra dagoela aldarrikatu zuten zapatuan. Izan ere, azken euskararen erabileraren kale neurketekin “alarma piztu” zaie lekeitiarrei: “0-25 adin tartean erabilera osasuntsu dagoen arren, 24-44 tartean ageri da lehenengo gainbehera. Hala ere, 45 urtetik gorakoen arteko datuek kezkatzen gaituzte gehien. Adin tarte horretan, erdira jaitsi da euskararen erabilera”.
Hala, egoerari buelta emateko asmoz, hiru eremutan hasiko dira lanean. Ikastetxeei dagokienez, ume eta gazteen arteko datu baikorrei eutsi eta are hobeak izateko ahalegina egingo dute, egitarau bategaz: “Honen helburu nagusia euskara erakargarria izatea eta gazteen artean presente egotea izango da”.
Kirol taldeek ere, hainbat konpromiso hartu dituzte. Alde batetik, Lekeitioko kirolariak gazteak direla kontuan izanda, dekalogo bat sinatu dute “euskara babeste aldera”; aurten ipiniko dute praktikan dekalogoa. Bestalde, barne eta kanpo komunikazioan ere euskaraz ariko dira, eta kirol monitoreen arteko harremanak ere “euskaraz izateko hautua” egin dute.
Azkenik, Dzast euskara taldeari dagokionez, 45 urtetik gorakoengan ipiniko dute fokua: “45 urtetik gorakoen erabilera datuak oso larriak direla jakinik, Euskaraldia hartuko dugu abiapuntutzat. Ondoren, ekimen desberdinak burutuko ditugu adin tarte honetako egoera iraultzeko asmoz”.
Udalaren babesa. Udal ordezkariek, ostera, ekimen horiek guztiak aurrera eroateko bitartekoak ipini eta babesteaz gain, beste hainbat ekimen diruz lagunduko dituzte. Ondorengoak dira diruz lagunduko dituzten ekimenak: Bai Euskarari ziurtagiria zabaltzea herrian, dendari eta tabernarientzat euskara ikastaroak antolatzea, kulturartekotasunean eragitea eta hileroko udal euskara batzordean lanean jarraitzea herriko eragileekin batera.