1.500 kilo janari bildu ditu Ondarroako Yaalah Elkarteak
Yaalah Elkarteak eskerrak eman dizkie herritarrei, janari bilketan parte hartzeagatik.

Sahararen aldeko elkartasun karabanarako janari bilketan 1.500 kilo inguru batu ditu herrian Ondarroako Yaalah Elkarteak. Pasa den asteko astelehenetik barikura arte ikastetxeetan egin zuten bilketa, eta barikuan eta zapatuan, herriko dendetan. “Iaz baino janari gutxiago bildu dugun arren, 1.500 kilo bildu ditugu, eta pozik gaude”.
Durangora eramango dute bildutako janaria, eta bertan, Durangaldeko bilketako janariarekin batu eta Saharara eramango dute: “Durangotik aterako da Euskal Herriko Karabana, eta Espainiar estatuko beste karabana guztiekin batu ondoren, kanpamenduetarako bideari ekingo dio”.
Yaalah Elkarteko kideek eskerrak eman dizkie ikastetxeei eta herriko dendei boluntario lanetan ibili direnei, eta baita, elikagaiak eman dituzten herritarrei ere. “Eskerrik asko ikastetxe, boluntario, herriko denda eta oro har, janari bilketan parte hartu duzuen herritar guztioi”.