Santa Agedako ospakizunek hartu dituzte eskualdeko kaleak
Santa Ageda bezpera ospatzen ari dira eskualdeko herritarrak. Besteak beste, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako ikastetxeetako ume eta gaztetxoak atera dira kantuan.

Eguraldi eguzkitsuagaz irten dira gaur [otsailak 4] Lea-Artibai eta Mutrikuko ume, gazte nahiz nagusiak herriko kaleetan zehar kantatzera. Santa Ageda bezperan ohitura den moduan, makilak eskuetan hartuta zeharkatu dituzte kaleak. Ikastetxe, eragile nahiz talde, denek eduki dituzte ikusle eta entzule ugari.
Lehenak egunagaz hasten lekeitiarrak izan dira. 09:45ean prest egon dira Herri Eskolako ume eta gaztetxoak, eta Ama Lurra esnatzeari ekin diete. Makilagaz lurra jo, eta ibilbideari ekin diete. Hainbat geldialdi egin dituzte abesteko, eta denetan ezin erantzun hobea eman dute herritarrek; hala, txalo zaparrada bategaz amaitu dute emanaldia.

Lekeitioko Herri Eskolako ume eta gaztetxoak.
Markina-Xemeinen ere, goiz hasi dute eguna. Bekobentako ikasle eta irakasleak 10:30ean elkartu dira eskolako jolastokian, eta hara eta hona ibili diar abesten. LH 1. mailatik aurrerakoek Aldaolan hasi dute ibilbidea, eta arraindegi parean amaitu. Baserritarrez jantzita irten dira denak kalez kale, eta eguraldia lagun, arrakastaz amaitu dute ibilbidea.
Berakruz Ikastolako umeak, ostera, 11:30ean hasi dira kantuan. Ibilbideagaz hasi aurretik hainbat ikasle San Roke egoitzara joan dira, bertako egoiliarrei abestera. Hala, egoiliarrak alaitu ostean, herriko kaleetara irten dira. Lehenengo geldialdia udaletxe parean egin dute, eta horien emanaldia ere, ez da ikuslerik falta izan. Guraso, aitona-amona, osaba-izeba nahiz bestelako lagun eta familiakoak egon dira emanaldia ikusten.
Ondarroan ere ama lurra esnatzera atera dira gaur Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako ikasle zein irakasleak. Bakoitzak bere ikastetxean hasi du ibilbidea eta 11:45ean Alamedan batu dira guztiak. Makilak lurraren kontra joaz batera kantatu dute Santa Ageda bezperako abestia, eta ikusleen txalo zaparradagaz batera bueltatu da bakoitza bere ikastetxera.Â
Etenik barik. Goizean ikastetxeetakoek giroa berotuta, arratsaldean bestelako taldeen txanda izango da. Markina-Xemeinen AEK-koek emango diete hasiera emanaldiei; 16:30ean irtengo dira euskaltegi aurretik. 17:00etan, ostera, Guraso elkarte, Izarbidean eta jubilatuen eskutik Plazabarripean ibilbidea hasi eta 19:00ak arte kantuan ariko dira; amaieran, gainera, kopaua egingo dute jubilatuen tabernan.
Lekeition ere ez dira atzean geratuko. 16:45ean irtengo dira Azkue Ikastolako ume eta gaztetxoak. Jarraian, 18:30ean, Pototo eta Liher etxera eroateko aldarrikatuko dute, eta presoei elkartasuna adierazteko eskean irtengo dira, Galarrenatik. Musikaia musika eskolako kideek 19:00etan hasiko dute ibilbidea, eta kalez kale ibiliko dira koplak abesten, Poto Bertso eskolaren partaidetzagaz.Â
Ondarroan, Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta, Alde Zaharrean batuko dira irakasle, ikasle, guraso zein ikasle ohiak. Kalekutzeko eskaileretan hasiko dira kantuan, 19:00etan, eta herriko txokoak zeharkatuko dituzte makila eskuan duten bitartean. Horrez gain, Kantaize abesbatza ere herria kantuz betetzera aterako da, Zubi Zaharretik hasita, 20:00etan.Â







































































