Etxe hutsen %50eko gainzerga salbuesteko neurriak murriztu ditu Ondarroako Udalak
Errekargua aplikatzetik salbuetsiak izan nahi dutenek, martxoaren 31 arte izango dute epea dagozkien dokumentuak aurkezteko.

Azken urteetan egindako azterketen arabera, 600 etxe daude hutsik Ondarroan. Arrazoi horrengatik, eta “etxebizitza oinarrizko eskubidea” izanda, udalak urteak daramatza etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea eman nahian. Beraz, urriaren 30eko udalbatzaren erabakia exekutatzeko helburuagaz, Ondarroako Udalak, herriko etxe hutsen higiezinen zergaz (IBI) gain, ezartzen zaien %50eko kanona salbuesteko neurriak murriztu ditu; hortaz, %50eko ordainketa gehigarria ez ordaintzako salbuespen gutxiago egongo dira orain.
Aipatutako %50eko gainkarga bost kasu desberdinetan aplikatuko da. Ondarroako Udalak adierazi duenez, bizitegi-erabilerako ondasun higiezinei, alokairugatik edo erabileraren lagapenagatik subjektu pasiboaren edo hirugarrenen bizilekua ez direnean, Zergako kuota likidoaren gaineko %50eko errekargua ezarriko zaie. Etxebizitzako eranskinak ere kontuan hartuko dira, betiere, harekin batera “erregistro-finka bakarra” osatzen badute. “Errekarguko subjektu pasiboak zerga honetako subjektu pasiboak izango dira, eta errekargua urtero sortu eta likidatuko da, zerga honetako kuotarekin batera. Horrez gain, zerga sortzen denean udal honetako bizilagunen erroldan pertsona baten edo gehiagoren inskripzioa agertzen bada, bizitegi-erabilerako higiezinean bizi dela hartuko da kontuan”.
Hala ere, egiazko ohiko bizileku ez diren bizileku erabilerako ondasun higiezinei ez zaie errekargua aplikatuko, adibidez: “Era jarraituan jarduera profesional edo merkataritzakoak burutzen dituztenak (ekonomia jarduerak), udal baimena dutenak; elkarte politikoen, sindikatuen edo enpresen egoitza izateko direnak edo irabazi asmotik gabe kokatzen diren erakundeen egoitzak; erakunde publikoren baten eskura utzitako etxebizitzak, horien helburua alokatzea bada; herentzia edo banatu gabeko herentzia bidez eskuratutako etxebizitzak, titularra hil ondorengo 2 urteko epean, beti ere, heriotza ziurtagiria aurkeztu eta egoera egiaztatu ondoren; zerga kobratzeko datan alokatuta dauden etxebizitzak, hasierako alokairu kontratua aurkeztuta; hirugarren adineko pertsonen egoitzetan erroldatuta dauden pertsonen titularitateko etxebizitzak; 2 eta 3 mailako mendetasuna duten pertsonen titularitateko etxebizitzak; hondamendi fisiko aitorpena izan duten etxebizitzak eta udalak emaniko eraispen epea betetzen ez den bitartean, besteak beste”.
Errekargua aplikatzetik salbuetsiak izan nahi dutenek martxoaren 31 arte daukate epea beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. “Horretarako, eskari formala aurkeztu behar da Udal Erregistro Orokorrean edo egoitza elektronikoan. Eskariarekin batera salbuespena justifikatzen duten dokumentuak aurkeztu behar dira”.